Arrantza

Gauerdian eten dute hegaluzearen kanpaina

Arrantzaldia itxi du Espainiako Gobernuak, dagoeneko kuota bete dutelako arrantzaleek.

Hegaluzea deskargatzen, Getarian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 22a
07:12
Entzun

Kuota urriaren erdialdean amaitu ohi dute hegaluzearen kanpaina Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, baina aurten abuztua bukatzeko oraindik astebete luze falta dela ezarri du arrantzatzeko debekua Espainiako Gobernuak. Ez da ohikoa. «Hemen lanean egon naizen 30 urtetan lehen aldia da hain goiz ixten dela», aitortu dio Berria-ri Miren Garmendiak, Gipuzkoako Kofradietako idazkariak.

Hegaluzearen kanpaina abuztuan bukatu da arrain asko agertu delako. «Alde batetik, seinale ona da; hegaluzea badagoela erakusten du». Asko ez ezik, hurbil agertu da, Bizkaiko Golkoko uretan, besteak beste, itsasoa ohi baino epelago zegoelako. Hegaluzearen bila urrun joan behar ez izateak gasolioan milaka euro aurreztea ekarri die arrantzaleei.

Baina kostera goiz bukatzeak badu alde txarrik ere: Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzale askok portuan egin beharko dute ohi baino denbora luzeagoa, 2019ko otsailean berdelaren kanpaina hasi aurretik. Eta hura oso motza izaten da, Espainiak jaso dituen zigorrak direla medio.
Orain beste tunidoak arrantzatzen arituko dira ontzi batzuk. «Hegalaburren eta beste atun batzuren bila joango dira orain, baina oso kuota eskasak dituzte horiek. Aste gutxi batzuk izango dira». Eta, ondoren, ezer gutxi. «Ingura sarekoak sardinetara joango dira; antxoetara ez, kuota bukatu delako. Kazakoek, aukera gutxi».

Hegaluzearen kanpaina errentagarria izan da. Gastua ez da handia izan, eta saria, berriz, egokia dela onartu dute kofradiek. Kiloko 3,5 eta lau euro artean ordaindu diete lonjan. Baina itsasoan hainbeste hegaluze egonda, orain portuan geratu behar izateak amorrua ematen die arrantzaleei. Kuota handiagoa nahi dute. «Egoera ona dela esan zuten zientzilariek. Arazoak daudenean kuotak erraz jaisten dira, baina igotzea gehiago kostatzen zaie», dio Garmendiak. 2019ari begira ez dute ezer espero, ICCATek hiru urtean behin erabakitzen dituelako, eta aurten ez dagokio hegaluzearena berrikustea.

Iazkoaren gainetik

Bizkaiko Golkoko arrantzale guztien artean 15.000 tonako kuota izan dute aurten. Beste arrain batzuetan ez bezala, ez dute lurraldeka edo ontzika banatzen. Hortaz ere kexu dira euskal arrantzaleak. «Banatzea hobea izango litzateke, bakoitzak jakin dezan zer arrantzatu dezakeen», ziurtatu du Garmendiak.

2017an, 6.760 tona hegaluze harrapatu zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, kuota osoaren erdia baino zertxobait gutxiago, eta kanpaina oso ona izan zen; 2016. urtean, berriz, 6.231 tona izan ziren. Litekeena da aurtengo kanpainak kopuru horiek gainditzea, baina balantze ofiziala egun batzuk barru egingo du Eusko Jaurlaritzak.

Hegaluzeak ez luke berehalakoan arraindegietan desagertu beharko, Frantziako eta Irlandako pelagikikoek harrapatutakoa sartuko delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.