Olatuen kolpeek ezustean harrapatu zituzten Motxo ontziko arrantzaleak atzo goizaldean, 05:00 aldera. Batzuk lotan zeuden; besteak, berriz, jangelan, telebista ikusten. Itsasoa zakar zegoen, baina Motxo-ren branka jo zuten olatuetako bi besteak baino gogorragoak izan ziren: ontzia okertu zuten eta sareak ontziaren bizkarretik uretara bota zituzten. Sarea ontziaren ardatzean korapilatu zen eta Motxo geldirik geratu zen, motorraren indarrik gabe, olatuen mende. Olatuek Zumaia eta Deba arteko itsaslabarretara eraman zuten, Baratzazarraurre ingurura. Marearteko zabalgunean utzi zuten.
Motxo-ren larrialdi deia Bilboko Itsas Salbamendurako zentrora iritsi zen eta zentroak salbamendua abiatu zuen.
Istripua gertatu eta berehala inguruan zeuden arrantzontziak hurbildu ziren, dozena bat inguru, laguntzeko asmoz. Bermeoko Lau anaiak izan zen horietako bat. «Ezin izan genuen ezer egin», esan du Gotzon Mirene Arantzamendi Lau anaiak-eko arrantzaleak. Itsasoa zakarra zen eta laguntzera joandakoak ere bertan geratzeko arriskua zegoen.
Geroago iritsi zen Bilboko Itsas Salbamendurako zentroak bidalitako laguntza: Santanderko (Espainia) Helimer 212 helikopteroa, Gurutze Gorriaren bi ontzi eta Salvamar Orion esku-hartze azkarretarako ontzia. Helikopteroak onik atera zituen ontziko bederatzi arrantzaleak. Bost Hondarribira eta lau Zumaiara eraman zituen. Ez daude zaurituta.
Salbamendua zaildu egin zen, Itsas Salbamendukoen frekuentzia ez baitzen iristen Motxo-ra, eta Lau anaiak ontziak bitartekari lana egin behar izan zuen, batzuen eta besteen artean.
Arrakalen beldur
Eskifaia salbu utzi ostean, ontzia itsasoratzea izan zen helburua. Itsasoratu bai, baina oliorik eta erregairik isuri gabe. Erreskateko arduradunak beldur dira arrokek ontziaren kroskoan arrakalaren bat sor dezaketela eta Motxo-k gasolioa isur dezakeela. 15 tona gasolio ditu barruan. Aintzat hartu behar da Zumaia eta Deba arteko kostaldea biotopo babestua delaeta balio ekologiko handia duela.
Arratsaldeko itsasgorara, 14:00etara, itxaron zuten ateratzen saiatzeko. Itsas Salbamenduaren Maria de Maeztu atoiontziak, ontzijabeak kontratatutako atoiontzi batek eta helikopteroak parte hartu zuten, baina Matxo itsaslabarretik itsasora eramateko lehen ahaleginak kale egin zuen. Ezin izan zuten ezer egin, itsaso zakarrak gehiago bultzatu baitzuen kostaldera, eta ahalegina alferrik izan zen.
Gaur saiatuko dira berriro. 08:00 aldera hasiko dira lanean eta itsasgoran, 15:30 aldera, egingo dute ahalegina. Lan zaila da, sakonera gutxiko lekua baita, eta atoiontziak ezin baitira askorik hurbildu, beraiek ere harrapatuta geratzeko arriskua dagoelako. Horrez gain, ontzia arroken gainean arrastaka eramateak pitzaduraren bat eragin dezake kroskoan.
Maria de Maeztu atoiontziak Matxo-ren inguruan egingo du gaua, erregai edo olio isuriak zaintzeko. Lerro hauek idazteko orduan ontziak ez zuen arrakalarik, baina gaueko olatuek eta mugimenduek zer-nolako ondorioak dituzten ikusi behar da. Badaezpada, erregaiari eusteko hesiak jarri dituzte inguruan. Ontzia itsasoratzea lortzen ez badute ere, lehorretik erregaia ateratzeko aukera aztertuko dute.
Erregaiaz gain, sareak ere kezka iturri dira agintarientzat, sareak haitzetan kateatuta eta zabal-zabalik baitaude, eta inguruko bizidunak harrapa baititzakete.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du ikerketa abiatu duela, istripua zergatik gertatu zen argitzeko. Atzo hainbat iturrik aipatu zuten istripua gertatu zenean Matxo-k sareak botata zeuzkala, bertan arrantza egitea debekatuta dagoen arren; baina Bermeoko ontziaren inguruko iturriek BERRIAri zehaztu diote ezetz, bi sareak ontziaren barruan zeudela eta olatuen kolpeek bota zituztela uretara.
Motxo baxurako ontzia da. 25 metroko luzera du eta hamar urte ditu. Altzairuz egina dago. Bermeokoa da, Lekeitioko kofradian kotizatzen duen arren.
'Maro', 2008an
Atzokoaren moduko istripuak ez dira ohikoak Euskal Herriko kostaldean, baina gertatzen dira. 2008ko martxoaren 6an, esaterako, Maro-k hondoa jo zuen Jaizkibelgo itsaslabarrean, Hondarribia eta Pasaia artean. Maro-k 54 tona gasolio eta 2,6 tona olio zituen. Agintariak kezkatuta zeuden, uretara eta kostaldera isuri zitezkeelako. Itsas Salbamendurako teknikariek ontzian sartzea lortu zutenean ikusi zuten barruan ez zegoela ez erregairik, ez oliorik. Alegia, dena isuri zen. Itsas Salbamenduak esan zuen erregai hori guztia «lurruntzea edo sakabanatzea» zela hipotesi nagusia.
Gaur egingo dute 'Motxo' haitzetatik ateratzeko ahalegina
Bermeoko arrantzontziak hondoa jo du Zumaia eta Deba artean, eta bederatzi arrantzaleak onik atera dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu