Gaur gauean amaituko da epea Greziaren hartzekodun pribatuek haren zorraren zati bat barkatzeko akordioa onartzeko. Orain dituzten bonuak berri batzuekin trukatu behar dituzte, baina %53 gutxiago balioko dute. Galera %75ekoa da, baldin eta zorraren truke jasotzea espero zituzten interesak zenbatuz gero. Banku nagusiek programarekin bat egin dutenez, baikor azaldu dira Greziako Gobernua eta Europako Batzordea.
Operazioaren «garrantzi historikoaz» mintzatu zen atzo Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroa. Historiko hitzak azkenaldian herrialde hartan izan duen gehiegizko erabilera gorabehera, egia da egun garrantzitsuena dela. Zor hori barkatzea funtsezko zutabea da euroguneak Greziari eman behar dion bigarren erreskatean. Gehienek ontzat hartzen ez badute, Greziak ez ditu jasoko Europaren 130.000 milioi euroren maileguak, eta porrot egingo du. Hartzekodun pribatu guztiek ontzat hartuz gero, 206.000 milioiko zorra 100.000 milioira txikituko da. Guztira 360.000 milioi euro zor ditu Greziak, baina sektore publikoak —EBZk, euroguneko estatuak edo banku zentralak...— diru guztia bueltan jasotzea da helburua.
Atenasen mehatxuak
Mehatxuak erabili ditu Atenasko gobernuak operazioan parte hartu nahi ez dutenak konbentzitzeko: beren kabuz zorra barkatzea onartzen ez badute, legez behartuko ditu horretara. Oharrek ez dituzte kikildu inbertitzaile guztiak. Atzo, Greziako bertako lau pentsio funtsek esan zuten ez dutela zorra barkatuko. Zientzialarien, prentsako langileen, polizien eta sektore pribatuko langileen pentsio pribatuak kudeatzen dituzten funtsak dira, eta Greziako Estatuak 2.000 milioi zor dizkie. Venizelosek oso haserre hartu du erabakia, eta berriro ohartarazi die: «Operazioak huts egiten badu, zenbat balioko dute haien bonuek? Zero».
30 banku —RBS, Deutsche Bank, BNP Paribas...— eta aseguru etxek, ordea, bat egin dutela iragarri zuten.
Gaur jakingo da Greziako hartzekodunek zorra barkatzea onartu ote duten
Banku handi gehienek bat egin dute akordioarekin, baina pentsio funts batzuek ez dute sinatuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu