Argindarraren merkatuaren 11 urteko liberalizazio prozesua gaur amaitu da Hego Euskal Herrian. Herritar gehienek, ordea, ez dute igarri ere egingo, orain arte bezala Espainiako Gobernuak finkatzen duen tarifa pagatuko dutelako aurrerantzean ere. Hori bai, ekaina artekoa baino %2 handiagoa izango da urtea amaitu bitartean. Urte hasieran %3,5 garestitu zen elektrizitatea.
1998an ekin zion Espainiako Gobernuak argindarraren merkatua liberalizatzeari, Europako Batasunak behartuta. Lehenik, enpresa handiek jo behar izan zuten merkatu liberalizatura, eta gaurtik aurrera baita lantegiek, dendek, jatetxeek eta taberna handiek ere. Berez, hilean hamar kilowatt baino gehiago kontsumitzen dituzten guztiek hornitzailea aukeratu beharko dute, baina horien artean herritar gutxi daude.
Bederatzi hilabete dituzte enpresa txikiek eta negozioek argindar konpainia aukeratzeko, baina hobe dute lehenbailehen egitea, hiruhileko bakoitzeko beste %5 garestituko zaielako bestela. Espainian eta Hego Euskal Herrian 1,3 milioi bezero daude talde horretan, baina argindarraren heren bat kontsumitzen dute.
Aldaketa gutxi gehienentzat
Halako kezkarik ez dute izan behar herritar gehienek, haientzat aldaketak txikiak direlako. Aurrerantzean, elektrizitatea ez diete orain arte bezala banaketa enpresek salduko -Iberdrola eta Naturgas gehienentzat-, baizik eta konpainia horiek beraiek eta beste batzuek -Endesa, Union Fenosa eta Eon- argindarra merkaturatzeko sortutako adarrek. Banaketa enpresak matxurak konpontzeaz eta sareak kudeatzeaz arduratuko dira.
Aipatutako bost konpainia horien merkaturatze adarrek izango dute AAT Azken Aukerako Tarifa (TUR laburdura gaztelaniaz) emateko eskubidea. Funtsean, orain arteko tarifa arautua da, baina beste izen batekin eta ekaina artekoa baino %2 handiagoa. Espainiako Industria Ministerioaren arabera, igoera horrekin berdindu nahi dute argindar tarifaren defizita. Izan ere, azken hamar urteetan kostuaren azpiko prezioa pagatu dute herritarrek, eta pilatutako zorra kitatu nahi du Gobernuak.
Hamar kilowattetik behera kontsumitzen dutenek aukera izango dute merkatu librean arituko diren 25 enpresetatik argindarra erosteko aukera. Lehen une batean ez dirudi askok egingo dutenik, azken aukerako tarifa baino eskaintza hobeak egiteko astia falta izan zaielako.
Hiru kilowattetik beherako kontsumoa dutenek, familia ugariei edo kide guztiak langabezian dituzten sendiei ez zaizkie prezioak igoko, baldin eta hornitzaileei egoera horietan daudela frogatzen badiete.
Gaur, merkatu askearen lehen egunean, argindarra %2 garestituko da
Hegoaldeko saltokiek eta enpresa txikiek bederatzi hilabete dituzte hornitzailea hautatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu