Gauerdiaz geroztik merkeagoa da norberaren sakelako telefonoa Europako Batasuneko beste herrialde batean erabiltzea. Gehienez, minutuko 43 zentimo pagatu beharko dute deia egin dutenek eta minutuko 19 zentimo deia jasotzen dutenek. SMS mezua bidaltzea gehienez 11 zentimo kostatuko da, eta ezertxo ere ez halako bat jasotzea. Prezio horiei guztiei BEZa ezarri behar zaienez, deiak egitea 50 zentimo kostatuko da, 22 zentimo jasotzea eta 13 mezua bidaltzea. Tarifa horiek Ipar Euskal Herritik Hegoaldera eta alderantziz ere aplikatuko dira.
Europako Batzordeak behartu ditu telefonia konpainiak roaming-aren prezioak jaistera, gehiegizkoak zirela iruditzen zitzaiolako. Datozen bi urteetan ere prezioak jaitsi egingo dira: 2010eko uztailaren 1etik 39 zentimo balioko du minutuak, eta 15 zentimo minutuko deia jasotzeak. 2011ko uztailean, berriz, beste lau zentimo merkatuko dira prezioak: 35 zentimo deia egiteak eta 11 zentimo jasotzeak. SMS mezuen gehienezko prezioak 11 zentimoan jarraituko du. Gainera, deiaren 30 segundo igaro direnean, betetako segundoen araberako prezioa ezarri beharko dute operatzaileek, eta ez minutu bakoitzeko.
Bruselak gehienezko prezioak ezartzen ditu, eta dei egin die konpainiei handik beherakoak ere eskaintzera. Telefonicak behintzat ez du halakorik egingo, Movistarreko bezeroei bidalitako gutunean Bruselak finkatutako prezioak aipatzen baititu. Orangek ere mezuak bidali dizkie bezeroei, SMSen prezioen berri emanez.
Gaurdanik merkeagoa da sakelakoa Europan erabiltzea
Europako Batzordeak behartuta, 'roaming'-aren tarifak jaitsi behar izan dituzte telefonia konpainiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu