Javier Goikoetxea. Ondasun Komuneko Ekonomiaren sustatzailea

«Gauzak ondo egiteko gida bat proposatzen ari gara»

Ivan Santamaria.
2014ko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ondasun komuneko ekonomiaren mugimenduko koordinatzea da Javier Goikoetxea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta enpresa alorra darama Espainian ere.

Ez dakien bati nola azalduko zenioke zer den ondasun komuneko ekonomia?

Oso erraz, gauzak ondo egiteko gida bat da. Egiten ditugun gauza guztietan, helburua denen ongizatea da. Ondasun komuna geure erakunde, enpresa edo administrazioetara iristeko bitartekoak proposatzen ditugu. Paradigma berri bat da. Bitartekoak eta egiteko moduak eskaintzen ditu, eta etekin ekonomikoa tresna modura baliatzen du, ez helburu gisa. Bitarteko nagusia ondasun komunaren balantzeak dira, enpresentzat nahiz erakundeentzat.

Teoria ekonomikoa da, mugimendu politikoa, edo bien arteko nahasketa?

Politika egiteko modua da, dudarik gabe, baina ez du ildo alderdikoi batek zuzentzen. Oinarrizko mugimendua da, erabat behetik gora egitaratu dena. Orain, lau proposamen adostu ditugu, eta alderdiei eskaini diegu Europako hauteskundeetara begira euren programetan sartzeko.

Kapitalismoa, komunismoa, zeuena zer da, beste bide bat, hirugarrena?

Asko laburbilduta, erdibidekoa litzateke. Ez ditugu bi sistema horiek dituzten kontzeptu guztiak arbuiatzen, baina oso argi dugu muturreko zerbait direla, eta muturrekoa dena ez da ona. Norberetzat oreka lortzea ona da, eta hori ere ekonomian eta politikan pentsa liteke.

Nork eta nola definitzen du zer den ongizate komuna?

Eztabaidagarria da, bai. Aurkakoen lehen argudioa hori da, oso subjektiboa dela. Guztien onuran pentsatzea da gakoa, nik irabazten badut, zeuk ere irabazi ahal izatea. Hori barneratzen baduzu, adostasunak lortzen dituzu, eta zoriontsuagoa izango zara. Konplexua da ideia hori ez dutenentzat, baina, azken finean, besteentzat zeuretzat ere nahiko zenukeena egitea da.

Christian Felberrek proposatu zuen teoria. Bi kritika egin zaizkio, bereziki. Bata da ez dela ekonomialaria; bestea, berriz, erabat utopikoa dela.

Ekintzek balio dute. Ez nau kezkatzen ekonomialari batek esan duen edo ez. Askotan egon naiz harekin, eta ez dugu hori aipatu ere egin. Haren proposamena erabat balekoa da, osoa, eta horrekin nahikoa dut. Ekonomia fakultateetan zer ari dira irakasten? Ongizate komunaz oso gutxi, hori seguru.

Zeintzuk dira aldaketa ekonomikorako oinarriak? Nondik hasi?

Pertsonatik. Ez badut barneratuta gauzak ondo egin nahi ditudala, eta nola egin argi ez badut, ezin naiz besteentzat eredu izan. Aldaketa pertsonala dator beste gauza guztien aurretik. Mugimenduan gauden askok aldaketa traumatikoren bat izan dugu, alde batera eta bestera begiratu, eta gauzak nola egiten ditugun zalantzan jartzera eraman gaituena.

Zer egiten dugu sistema ekonomikoaren oinarriekin. Hazkundea, dirua, merkatuak. Birpentsatu edo ezabatu?

Dirua aipatu duzu. Diruan hainbeste ez pentsatzea da abiapuntua. Erakunde guztiek begirada soziala izatea lortu behar dugu. Proposamen argiak ditu mugimenduak estamentu horientzat. Badakigu ez dela erraza dauden tokitik mugiaraztea, baina, mugitzen ez badira, mugimendua ere indartuko da.

Etekina beharrezkoa dela esaten duzue, baina ezin dela helburua izan. Nola?

Etekinik ez egotea ez dugu proposatzen, hori okerra litzateke, bestela enpresa batek ez duelako funtzionatzen. Baina irabazi horiek ongizate komuna lortzeko erabili behar dira. Esaterako, enpresan ari diren pertsona guztiak gustura egon daitezen. Hor ezinbestekoa da gutxien eta gehien irabazten dutenen artean izugarrizko alderik ez egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.