Sektorea egituratzearen aldea da;Gipuzkoan eta Araban aritzen diren ardi latxaren inguruko artzain talde batek bermatua dauka ekoizpena salduko duela, eta salmenta hori norberak bere kabuz lortuko lukeen baino salneurri hobearen truke izango da. Latxa Esnea kooperatiba helburu horrekin sortu zuten orain urtebete, eta «helburuak lortu» dituela esan zuen atzo kooperatibako lehendakari Mariano Imazek.
30 bazkidek 600.000 litro ardi esne ekoizten dituzte kooperatibaren barruan gaur egun. «Orografiaren erronkei aurre eginda», urruneko mendi bazterretan sakabanaturik aritzen direnen ekoizpena biltzea lortu dute, «ongi kostata batzuetan», baina emaitzak «bistakoak» dira.
Proiektuak beste urrats bat egin du «jarduerari aterabide duina emateko betiere»: Latxa Esnea gazta ekoitzi eta merkaturatu dute Goine (Asteasu) gaztandegiarekin elkarlanean, Idiazabalgo jatorri izenarekin. «30.000 litro baliatu ditugu gazta egiteko, eta beste 70.000 litro gaztandegi txiki bati saldu dizkiogu».
5.000 kilo gazta merkaturatuko dituzte guztira; «gauzak espero bezala joanez gero, datozen urteetan ekoizpena handituko genuke», esan zuen Mariano Imazek. Erronka ez da txikia gaur egungo egoera ekonomiko iluna ikusita. Jakitun dira Latxa Esnea kooperatibakoek, baina seguru dira produktu on bat eskaintzen ari direla. «Gure gazta erosten duenak pentsatu behar du ez duela produktu soil bat erosten, gureak gainbalioa duelako. Dastatzean naturarekin lotura zuzena izaten ari dela pentsatu beharko luke erosleak, artzainen sektorea posible egiten laguntzen ari dela».
Ekoizpenaren gainontzeko 500.000 litroak enpresa handiei saldu dizkiete, aurten indarrean sartu den esne kontratuaren derrigortasunaren itzalean. «Enpresekin ados jarri gara jarri ditugun hainbat punturen inguruan. Enpresek onartu egin dituzte gure baldintzak, eta urte batetik bestera alde nabarmena egon da tratuan enpresa handiekin, elkarlanerako prestasuna sumatu diegulako».
Latxa Esnea kooperatiba handituz doa pixkanaka; Oñatin eta Aramaion, adibidez, artzain talde batzuk elkartu zaizkie «erakundeek emandako laguntzari esker». Artzainak elkartu eta sektorea egituratzeak baditu, gainera, abantaila batzuk: «pentsuak eta beste produktu batzuk batera erosten dira», eta ondorioz, salneurri hobeak lortzen dira.
Esneari bere balioa eman
Latxa Esnea kooperatibako bazkide da Maider Unda Olinpiar Jokoetan domina irabazitako kirolaria. «Industriak esneari ematen ez zion balioa ematea nahi genuen; horregatik sortu zen kooperatiba», azaldu zuen. «Orain beste harremana dugu enpresekin, askoz hobea».
Hain zuzen ekoizle txikien eta enpresa handien arteko harremana orekatzeak «baserritarren autonomia sustatzen du», Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako zuzendari Koldo Lizarralderen ustez; «horregatik, proiektu hau laguntzen jarraituko dugu aurrerantzean ere», esan zuen atzoko agerraldian. «Prozesu guztia gobernatzearen emaitza da gazta hori», gaineratu zuen Latxa Esnea gazta bati begira.
Arabako Foru Aldundia Luis Javier Roman de Lara Nekazaritza zuzendariak ordezkatu zuen. «Ekoizle txiki askok ez lukete bermaturik produkzioa saltzea kooperatiba sortu izan ez balitz. Salduta ere, ikusi egin beharko lirateke salneurriak. Oso emaitza onak ekarri ditu kooperatibak, eta zalantzarik gabe proiektuaren alde jarraituko dugu».
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza zuzendari Eduardo Aginakok, berriz, «neurriari buruz» hitz egin zuen. «Bazkide eta esne gehiago biltzeko baldintzak sortuko ditugu aurrerantzean, neurriak garrantzi handia duelako». Esnearen salneurriak hobetzeko kooperatibaren moduko proiektuak «ezinbestekoak» direla esan zuen. «Kooperatiba abiapuntu bat besterik ez da sektoreak behar duen moduan egituratzeko; jarduera ekonomikoa ez da erraza gaur egun, baina etorkizuna proiektu bateratuen alde egiten dutenena da». «Sektoreko beste talde batzuekin» sinergiak aprobetxatze aldera, «elkarlana» eskatu zien kooperatibako arduradunei. «Horrek emango dio balioa esneari eta ekoizleari».
Gazta ekoitzi du Latxa Esneak, «aterabide duin bat» lortzeko
Urtebete da latxarekin aritzen diren artzainen kooperatiba sortu zela; 600.000 litro ardi esne ekoizten dituzte egun

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu