Gaztempresak 328 enpresa berri sortzen lagundu du 2009an, %40 gehiago

Fundazioak sustatutako proiektu bakoitzak, batez beste, 1,6 lanpostu sortu ditu; 510 guztira

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Urte gazi-gozoa deritzo iazkoari Gaztempresako presidenteak, krisiaren ondorioz «kezka, ezinegona eta atsekabea» nagusi izan direlako; baina, era berean, fundazioaren jarduera areagotu egin delako pozik dago Juan Manuel Sinde. Gaztempresak 328 ekintzaileren proiektuak enpresa bihurtzeko laguntza eskaini zuen iaz, 2008an baino %40 gehiago alegia.

Alabaina, fundazioarengana laguntza eske jo zutenak lau aldiz gehiago izan zirela azaldu du Inmaculada Ramos Gaztempresako zuzendariak. 1.300 eskaeretatik laurden bat bultzatu dituzte enpresa bihurtzeko: 39 Araban, 147 Bizkaian, 106 Gipuzkoan eta 36 Nafarroan.

Sinderen esanetan, enpresa jarduera berriak sortzeko laguntza eskaintzen duten erakundeen artean lehenengoa da Gaztempresa. Martxan jarritako proiektu kopuruan ez ezik, enpleguan ere egin dute gora, 510 lanpostu sortu baitira, aurreko urtean baino %37,8 gehiago. Fundazioak eginiko diagnosiak ere gehiago izan dira: 2008an 270 igaro ziren, eta 2009an, berriz, 600 inguru.

Ekintzaileen ezaugarriak

Fundazioaren laguntza eskatu duten ekintzaile gehienak, hamarretik zortzi, langabezian zeuden beren enpresa sortzeko egitasmoa abiatuko orduko. Adinari dagokionez, 2002. urtetik ekintzaileen batez besteko adina igo egin dela nabarmendu du Ramosek: 30etik, iazko 34,5era. Gaztempresara jo dutenen artean, antzekoa da gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua, azken horiek nagusi badira ere: %52. Urteekin aldatzen ari den beste joeretako bat ikasketa mailari dagokio; unibertsitatean ikasi dutenak gero eta gutxiago dira: %26 ziren 2009an.

Sortutakoak «oso enpresa txikiak» dira, eta, haien izaera juridikoari dagokionez, gehienak autonomoak dira, hamarretik 8,3 hain zuzen ere. Ondorioz, Gaztempresak sustatutako enpresetako lanpostu kopurua, batez beste, 1,6 lagunekoa da. Langile beregainen ondoren, erantzukizun mugatuko sozietatearen irudia da gehien erabilitakoa; ekintzaileen %14ek aukeratu dute.

Enpresa berri horietako lautik hiru zerbitzu sektorekoak dira; besteak beste, ostalaritza, garraioa eta eraikuntzako profesionalek sortutakoak. Gainerakoak, %25, merkataritzako negozioak dira, elikagaien saltokiak eta arropa dendak batez ere.

Finantzei buruz, ekintzaileen batez besteko inbertsioa 50.000 eurokoa izan dela azaldu du Ramosek, iazkoa baino 10.000 euro txikiagoa. Maileguetan eskatutakoaren zenbatekoak ere behera egin zuen iaz, 45.000 eurotik 39.600era, hain zuzen.

Gaztempresa duela 16 urte sortu zuen Euskadiko Kutxak, eta, ordutik, 2.331 enpresa eta 4.300 lanpostu sortzen lagundu du.



Lanbidek ekintzaileentzako zenbait zerbitzu koordinatuko ditu

Gaztempresaren iazko txostenaren aurkezpenean, Sinde eta Ramosekin batera, Javier Ruiz Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordea izan zen Bilbon. Fundazioaren aurrekontuaren %40 -300.000 euro inguru 2010ean- Jaurlaritzak ematen duela jakinarazi dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urtero, enpresak sortzeko, sustatzeko eta laguntzeko 1.500 milioi euro inguru bideratzen dituzte erakunde publikoek eta hainbat fundaziok. Ahalegin horien artean, askotan «koordinazio falta» dagoela uste du Ruizek, eta, horregatik, Jaurlaritzak ekintzaileei zuzendutako programak eta zerbitzuak aztertu eta zerrendatu ditu. Enplegu sailaren helburua koordinazio lanak Lanbideren esku jartzea dela iragarri du sailburuordeak, bikoiztutako laguntzak ekidin eta egon daitezkeen hutsuneak betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.