Gaztenpresak, Laboral Kutxaren fundazioak, 314 enpresa eta 637 lanpostu sortzen lagundu zuen iaz, bederatzi milioi euro baino gehiagoko finantzaketarekin. Donostiako Kursaal kongresu jauregian aurkeztu dituzte iazko datuak, eta Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak esan du «pozik» daudela emaitzekin. Ramosen ustez, gizarteari ekarpen handia egiten diote Gaztenpresak eta haren laguntzari esker sortutako enpresek; izan ere, haren hitzetan, handia da pertsona zaurgarrien enplegu tasa enpresa horietan: %11 migratzaileak dira, %29 langabezian daudenak, eta %22k 45 urte baino gehiago dituzte. Kalitatezko enplegua sortzen dutela ere nabarmendu du Ramosek, sinatutako kontratuen %90 mugagabeak baitira.
Lehen aldiz ekintzaileen erdiak emakumeak izatea ere goratu du Ramosek. Sortutako enpresa asko herrietan daude —%63 Hego Euskal Herriko hiriburuetatik kanpo—, eta horrek tokiko ekonomia bultzatzen laguntzen duela nabarmendu du zuzendariak. Horrez gain, gehitu du enpresa bakoitzak zergen bidez itsulapiko publikoei ekarpen handia egiten dietela: 20.300 euro enpresa bakoitzeko.
Sektoreei begiratuz gero, zerbitzuetakoak dira sortu diren enpresa gehienak: bostetik lau. %17 merkataritza sektorekoak dira, %2 industrialak, eta soilik %1 dira nekazaritzan edo abeltzaintzan jarduten duten entitateak. %73 enpresa indibidualak dira, eta gainontzekoak, sozietateak. Azken horietatik, %89 sozietate mugatuak dira, eta %11 kooperatibak. Bizkaian sortu dira enpresa gehien (169), eta Gipuzkoa dago haren ondoren (69). Araban 44 enpresa sortu ziren, eta Nafarroan, 32.
Atzera ere begiratu du Ramosek, eta enpresak sortu eta bost urtera %69k bizirik jarraitzen dutela azaldu du, «Eustatek markatzen duen %45aren gainetik». Gaztenpresari esker sortutako entitateen arrakasta ez du soilik finantzaketa sistemara mugatu, eta egiten dituzten bestelako gauzak goratu ditu. Esaterako, prestakuntza zentroetan eta unibertsitateetan kultura ekintzailea sustatzeko jarduerak egiten dituzte, eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen diete enpresei. Bestalde, Gaztenpresa Gelari esker, formakuntzak egiten dituzte sortutako enpresekin.
«Elkarlan ezin hobea»
Gaztenpresako Inma Ramosekin eta Ibon Urgoitirekin batera, Lanbideko Gloria Mujika eta Europako Inbertsio Funtseko Cristina Dumitrescu ere izan dira. Azken horrek Laboral Kutxak ekintzaileei eskaintzen dien laguntza goratu du: «Finantzarekin zerikusia duten eta ez duten hainbat laguntza jaso dituzten ekintzaile mordoa dago, eta haien ekintzaile ametsak egia bihurtzen lagundu dute». Europan mikrofinantzen arloan liderra da Laboral Kutxa, Dumitrescuren hitzetan: «Enplegutza eta Gizarte Berrikuntza lerroak 650 milioi euro mugitu ditu 2015etik, eta, horri esker, 10.484 mikroenpresa eta 64.500 lanpostu sortu dira, horietako asko Gaztenpresaren bidez».
Gloria Mujika Lanbideko zuzendariak gogorarazi du hogei urte baino gehiago daramatela entitate biek elkarlanean, eta «emaitza onak» lortu dituztela gehitu du: «Entitate publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren eredu da Lanbideren eta Gaztenpresaren arteko harremana, eta nabarmentzekoa da. Izan ere, zerbaitek hogei urte baino gehiago badarama funtzionatzen, esan nahi du ondo doala».