Gaztenpresa 1994. urtean sortu zuen Laboral Kutxak, industria siderurgikoaren krisi handiari erantzuna emateko. 2002an, fundazio bihurtu zuen, eta gaur egungo egitura eman zion. Enpresa berriak sortzeko 2.000 eskaera inguru jasotzen ditu urtean, eta gai da horien zati bati erantzuteko. 2019. urtean, esaterako, 404 proiektuk jaso dute fundazioaren finantzaketa.
Enpresa berri horiek 787 lanpostu sorrarazi dituzte, eta 10.350era handitu dute 25 urteko ibilbidean lagundutako enpleguak.
2019an sortutako enpresen %72 zerbitzuetakoak dira. Ekintzaileen %47 emakumeak dira; batez besteko adina 39 urtekoa da, eta %72k ez dute unibertsitate ikasketarik egin. Laguntza lortu dutenen artean, %42 langabezian zeuden, eta, gainerakoen artean, gehienek euren laneko proiektua hobetu nahi zuten. %73k banakako enpresaburua izatea erabaki dute, eta %27k sozietate bat sortu dute. Azken horien artean, bostetik batek baizik ez du kooperatiba bat eratu.
Ibon Urgoiti Gaztenpresako lehendakaria harro azaldu da 2019an egindakoaz, baina kezkati 2020an gertatzen ari denaz. «BPGaren jaitsiera eta langabeziaren igoera ikaragarriak etorriko dira; ondorioz, familia eta enpresa askok egoera dramatiko batzuei aurre egin beharko diete; horregatik, Gaztenpresan areagotu egin behar ditugu ahaleginak egoera horiek arintzen laguntzeko».
2019ko memoriaren aurkezpenean, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua izan da, Bilbon. Agindu du bere gobernuak baliabide guztiak jarriko dituela «gazteak belaunaldi sakrifikatua izan ez daitezen». Zorionak eman dizkio fundazioari azken 25 urteetan egindako lanarengatik.