348 enpresa eta 696 lanpostu sortzea eragin duten proiektuetan lagundu zuen iaz Laboral Kutxak, bere Gaztenpresa fundazioaren bidez. Finantza entitateak 1994an sortu zuen ekintzaileei laguntzeko fundazioa, eta, orduz geroztik, 7.246 enpresari lagundu die abian jartzen, eta 13.371 pertsona ari dira lanean enpresa horietan.
Ibon Urgoiti Gaztenpresako lehendakariak gaur nabarmendu duenez, fundazioak babestutako enpresen iraupen tasa %77tik gorakoa da bost urte igarotakoan; orokorrean, berriz, batez besteko tasa ez da %50era iristen. Urgoitiren ustez, Gaztenpresak zenbait bereizgarri ditu iraute horretarako modua ematen dutenak: «Pertsonak ezinbesteko elementuak dira proiektuak bide onetik joan daitezen eta, denborarekin, finka daitezen; horregatik, Gaztenpresan ahalegin handia egiten dugu pertsonei euren bidean laguntzeko, negozioa abian jarri ondoren».
Iaz, Laboral Kutxaren ekimenak 1.521 laguntza eskaera jaso zituen, Gaztenpresaren buruek gaur azaldu dutenez. Fundazioak, ondoren, ideia horiek benetako negozio aukerak diren aztertzen du, eta azterketaren ostean, baztertu egiten dira haien negozio planari begiratuta bideraezintzat jotzen diren proiektuak.
216Zenbat milioi euro eman dituen fundazioak maileguan. 1994an Gaztenpresa sortu zenetik, fundazioak emandako maileguen zenbateko agregatua 216 milioi eurorena izan da.
Gaztenpresako taldeak bideragarritzat jotzen dituen proiektuak, berriz, finantza egitura egokia bilatzeko etapan sartzen dira. Iaz fundazioaren laguntzaz sortutako 348 enpresetatik 275ek behar izan zuten banku finantzaketa; ia 54.000 euro batez beste.
Fundazioak enpresei laguntzen die, halaber, irekitzeko eta abiarazteko fasean, egin beharreko tramiteetan eta finkatze fasean.
Laboral Kutxaren ekimen honen laguntzaz sortutako enpresen %80 zerbitzuen sektorekoak dira. Gaztenpresara jotzen duen ekintzailearen profil estandarra honelakoa da: gizonezkoa (%56), batez beste 39 urtekoa, eta goi mailako ikasketarik gabea (% 77). Enpresa berrien forma juridikoari dagokionez, %72 enpresaburu indibidualak dira, eta %28 sozietateak —%85 sozietate mugatuak, eta %15, kooperatibak—.
Iaz sortutako 348 enpresetatik gehienak —166— Bizkaikoak izan ziren; 75 sortu ziren Gipuzkoa, 36 Nafarroan, eta 35 Araban.
Programa berriak
Enpresak sortzen ez ezik, dagoeneko martxan daudenei jarraitzen ere lagundu asmo die Gaztenpresak bere Legado programa berriaren bidez, «ixtear dauden negozioak transmititzen eta haiei jarraipena ematen laguntzeko, titularrek laster erretiroa hartuko dutelako eta belaunaldi errelebo jakinik ez dutelako».
Xedea da negozioak identifikatzea eta haien ardura hartu nahi dute pertsona egokiak aurkitzea, negozio bideragarriak itxi ez daitezen. Horretarako bi aldeei lagunduko diete, transmisio prozesua modu ordenatu eta planifikatuan gauzatzeko.