UZTA SASOIA EUSKAL HERRIAN

Gehiegi ekoizten, ez aski edaten

Nora Arbelbide Lete.
BAIONA
2005eko irailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
razoa ez da gehiago kalitatezko arno baten ekoiztea, saltzea baizik. Larrazken honetan burutzekoa duten mahats bilketa oparoak egoera larritu baizik egin dezakeen beldur dira Frantziako 144.000 mahastizainak. Arnogintza indar handia duen sektorea da Frantzian milioi erdi lagun enplegatzen ditu, eta neurri horretakoa da krisia ere. Munduko lehen ekoizlea da Frantzia, baita lehen kontsumitzailea ere. Munduko kontsumoaren %15 berak du. Iazko uztako 1,5 milioi hektolitro destilatzera behartuak izan ziren, nehork ez baitzituen erosi. Farmazia edo kosmetikarako erabiltzeko alkohol bilakarazi zituzten soberakin horiek. Aurtengo, 54 eta 55 milioi hektolitro biltzea pentsatzen du Arnoaren Lanbide Arteko Frantziako bulegoak. Iaz baino gutxiago. Dena dela arazoa hor dago, eta funtsezkoa da. Kalitatea eta kantitatea zabalduz joan badira, kontsumoa beti apaltzen ari da. 1960ko hamarkadan frantsesek batez beste 100 litrotik gora edaten zituzten urtean; 58 litro pertsonako 2004an. Krisia maila guztietan nabari da, gainera. Luxuzko arnotik merkeeneraino. Haatik,ezinezkoa da orokortasunik. Ez dago eskualde bat besteak baino gehiago hunkia. Leku berdinean mahastizain bat biziki ongi moldatzen ahal da, eta bere lehen auzoa aldiz, biziki gaizki. Halere, argi dena da esportazioak duela gehien sufritzen. Xanpainaz aparte, gainerateko produktuen esportazioen bolumena %13,2 apaldu da 2005eko lehen hiru hilabeteetan, Arno Esportatzaileen Federazioak kaleratu duenez. Atzerriko merkatuan orain arte existitzen ez ziren konkurrente berri batzuei aurre egin behar diete Frantziako ekoizleek: Australia, AEB, Hego Afrika, Txile, Argentina eta beste. Dirudienez, herri horiek ekoiztu arnoak kontsumitzailearen gustuarentzat eskuragarriagoak dira. «1985a arte, frantsesek zuten arnoa maitatzeko manera inposatzen gainerateko herriei. Lurrari zen lotua kalitatea», deritzo Rene Renou Frantziako Sor-marken Erakundeko lehendakariak. «Baina emeki emeki kontsumitzaile atzerritarrek beren kodeen inposatzen hasi dira. Lurra baino gehiago, mahatsondo mota da bilakatu garrantzitsua». Berehalako plazera ekartzen duten arno azukretsuagoak bihurtu dira erreferentzia.

450 sor-marka eta 127izendatze ezberdin

Sor-marken sistema zorrotzegia izateaz gain, irakurgaitza ere badela onartu du baita Renouk. 450 sor-marka eta 127 izendatze ezberdin existitzen dira Frantziako arnoarentzat. Eta izen bakoitzeko maila ezberdinetan sailkatu daiteke, gainera. Mundu berrikoenak, aldiz, argiagoak dira. Komunikazioan masiboki inbertitu dute hastapenetik.

Frantziako ekoizleek ez dute haize berri hori jiten sentitu. «Bilakaera ikusiko ez bagenu bezala segitu dugu lanean. Erabateko erosotasun batean ginen, nahi genuen bezain bat saltzen genuen eta horrek itsutu gaitu», damutzen da Renouk. Baina orain, murruaren parean daudela, bakoitzak bere soluzioak atzeman nahian. Beaujolais eskualdean, adibidez, ekoizpen soberakina saihesteko dituzten 23.000 hektareetatik 3.000 kentzea erabaki dute 2006rako, diru laguntzen ordainez. Europako Batasunak banaz beste 3.500 euro eman ditzake hektarea bakoitzeko. Sektoreko profesionalek argi dute estrategia berriak pentsatu behar direla geroan bizirik irauteko. Hasteko, promozioaren arloan. Hainbat borroka eraman ondoren, azkenean lortu dute arnoaren kontsumoaren aldeko iragarkien eskubidea. Iaz arte Evin izeneko legeak debekatzen zuen. Lehen urrats bat nahiz eta azalekoa izan askorentzat: «Alkoholaren eraginpean gidatzeko kontrako kanpainak iragarkien debekuak baino eragin gehiago izan du kontsumoaren apaltzean», pentsatzen du Xavier Pierre Irulegiko mahastizainen kooperatibako zuzendariak. Baina horren aurka oldartzea zaila. Horiek horrela, «krisi luze eta sakon baten bidean» gaudela argi du Pierrek. Eta ez bakarrik Frantzian. «Egoera desorekatua da. Gehiegi ekoizten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.