1993. urteaz geroztik, arteztarau batek EBko lan asteak gehienez 48 ordukoa izan behar duela zehazten du. Baina salbuespenari ateak irekitzen dizkio. Lan kontratua izenpetzean astean 48 ordu baino gehiago lan egiteko aukera ematen duen klausula baimentzen du. Opt-out izeneko klausula hori batez ere Erresuma Batuan erabiltzen da, baina Europa Ekialdeko hainbat herrialdek aukera hori erabiltzeko interesa agertu dute.
Europako Parlamentuaren gehiengoak hiru urteren buruan klausula hori indargabetzea onartu zuen atzo. Baina enpresaburuei keinu bat egin zien, lanaldia urteen arabera kalkulatzearen alde egin baitzuen. Hots, enpresa batek «lanaren antolamenduarekin zerikusia duten arrazoi objektibo edo teknikoak baditu», 48 ordu baino gehiago lan egitera behartu dezake, baina gero lanordu gutxiagoko asteekin konpentsatu beharko du. Muga zehatza da: urtean batez besteko lan astea 48 ordukoa izan beharko da. Gehienez.
Hamazazpi herrialde aurka, zazpi baino ez alde
Ez dago argi, ordea, Europako Batasuneko Kontseiluak parlamentarien erabakia jarraitukoduen. Printzipioz, hala egin beharko luke, baina Erresuma Batuaren gidaritzapean, EBko 17 herrialde opt-out klausula kentzearen kontra daude. Euren botoekin erabakia blokea dezakete. Frantzia, Espainia, Belgika, Suedia, Luxenburgo, Grezia eta Malta baino ez daude alde. Alemaniak hartuko duen jarrera funtsezkoa izango da.
EBko Kontseilua ekainean da biltzekoa, baina CES Europako Sindikatuen Konfederazioa beldur da eztabaidak luze jo dezakeela, eta erabakia ez dela uztaila baino lehen hartuko: «Boto hori mezu argia da Kontseiluarentzat eta Batzordearentzat opt-out delakoarekin amaitzeko».
«Gobernuek langileek pentsatzen dutena entzun egin behar dute. Hori da gaur [atzo] Parlamentuak egin duena», azaldu zuen Alejandro Cercas PSOEko europarlamentariak eta arauari aldaketak egitea proposatzen duen txostenaren egileak. Bai Cercas bai CES pozik agertu ziren bozketaren emaitzarekin. «Ezbairik gabe, konpromiso bat lortu da segurtasunean eta malgutasunean aurrerapausoak emateko», adierazi zuen Cercasek. «Europa soziala badagoela frogatzen du. Europa zuzenago bateranzko aurrerapausoa da baita ere», gaineratu zuen John Monks CESeko presidenteak.Europako Batzordea, bere aldetik, ez zegoen ados Legebiltzarrak hartutako erabakiarekin. Duela bi urte arteztaraua berritu zuenean, opt-out klausulari eustearen alde egin zuen, nahiz eta baldintzak gogortu. Batzordearen iritziz, klausula hori beharrezkoa da «batez ere lan hitzarmenak izenpetzen ez diren lekuetan». Hala ere, Katharina Von Schnurbein Enplegu komisarioaren eleduna pozik zegoen Europarlamentuaren erabakiarekin, araudia onartua izan dadin «azkenaurreko pausoa delako».UNICE Europako enpresaburuen elkartea atsekabetuta zegoen gehienezko lanaldia mugatu delako. Patronalak azpimarratu zuen malgutasuna «fun- tsezkoa» dela konpainiek lehiakortasunari eutsi diezaioten. Mezu garbia igorri zien Europako Batzordeari eta Kontseiluari: «Berritutako araua aztertzerakoan ez lukete gutxietsi behar malgutasuna gehiago estutzeak ekarriko dituen ondorioak».
-
Parlamentuaren proposamenak
Europako Batasunean lanaldia 1993. urteko arteztarau batek arautzen du (1993 /104/CE). Duela bi urte Europako Batzordeak moldatu egin zuen, eta orain erreforma horri aldaketak egin dizkio Europako Parlamentuak:
'Opt-out' klausula: Gai polemikoena. Orain arteko arteztarauak astean gehienez 48 ordu lan egitea baimentzen zuen, baina lan kontratuetan opt-outderitzon klausularen bidez ordu gehiago lan egitea ahalbidetzen zuen. Parlamentuak hiru urteren buruan klausula hori indargabetzea onartu du.
Lanaldiaren zenbaketa: Lanaldia, ordea, asteen arabera izan ordez, urteen arabera kalkulatzea onartu du. Hala, aste jakinetan 48 ordu baino gehiago lan egin ahal izango da, baina gero hori konpentsatu beharko da. Urtean, batez besteko asteak 48 ordukoa izan beharko du.
Zaintza orduak: Medikuen eta erizainen zaintza orduak herrialde bakoitzak legeen bidez edo lan hitzarmenen bidez arautzea proposatzen du. Adibidez, jarduerarik gabeko hamar ordu laneko bost ordu gisa kontuan hartzea. Europako Batzordeak zaintza orduak lanordu gisa kontuan ez hartzea nahi zuen.