ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuekin duen ekintza batasuna hausteko borondaterik ez duela ziurtatu du ESK-k, eta gehiengo sindikala «behin-behineko gertaeren gainetik» dagoela uste du. Hala, CCOOk eta UGTk bultzatutako grebaren inguruan gehiengo sindikalak ez zuela «ahots bateraturik» nabarmendu du. Oraingoz, ESK da deialdiarekin bat egin duen gehiengo sindikaleko kide bakarra.
Gehiengo sindikaleko erakundeak deialdiarekin bat egitera deitu zituzten propio CCOOko eta UGTko idazkari nagusiek, Unai Sordok eta Damaso Casadok. Gutun bidez jakinarazi zuten eskaera, eta batera sinatutako idazki batekin erantzun zuten ELAk eta LABek. Greba orokor bat sustatzeko deialdia bera baino gehiago partekatu behar dela ohartarazi zuten. «Ezinbestekoa litzateke argitzea zeintzuk izan beharko ziren ekintza batasunaren oinarriak. Hori, euskal esparruan, egin gabe dago», zioen erantzunak, hitzez hitz.
Gehiengo sindikala osatzen duten beste sindikatuek bazuten ESKren erabakiaren berri. Ez da horri buruzko erreakzio ofizialik egon, baina elkarrekin hasitako bidearekin bat ez datorrela uste dute beste kideek.
Iazko maiatzean eta aurtengo ekainean antolatutako lanuzteak sindikalgintza eredu propio bat indartzeko mugarri izan dira gehiengo sindikalarentzat, CCOOren eta UGTren estrategiarekin erabat kontrajarrita dagoen eredua. Ikuspuntu horretatik, orain Espainiako sindikatuek ezarritako jokalekura itzultzea atzerapausoa litzateke.
Gizarte elkarrizketa salatzeko
ESK-k bere burua CCOOren eta UGTren helburu eta asmoetatik aldentzeko ahalegina egin nahi du, edonola ere. Hala, Espainiako bi sindikatu nagusiek aurrera eraman duten gizarte elkarrizketa salatu du, eta, batez ere, patronalarekin eztabaidatzen ari diren negoziazio kolektiboaren erreforma gaitzetsi du. Aldaketa horren bidez erkidego edo herrialde mailako itunak kentzeko arriskuaz ohartarazi dute azken asteotan sindikatu abertzaleek
Kritikak kritika, horrela arrazoitu du greba orokorra egun berean deitu izana: «CCOOko eta UGTko zuzendaritzenganako mesfidantza handia dugun arren, garrantzitsua da langileekin eta irailaren 29an mobilizatuko diren sektoreekin egotea».
Espainian ere deialdi ezberdinak daudela interpretatu du ESK-k. Alde batetik, CCOOk eta UGTk lan erreformaren aurka eta pentsio publikoen defentsan deitu dutena; bestetik, CGTk antolatu duena. Baina, hortik haratago, «ezker erradikaleko» kolektibo politiko, sindikal eta sozial «ia denak» kalera aterako direla azpimarratu du, CCOOren eta UGTren estrategia gogor kritikatzen badute ere.
Grebaren aldeko idazkia
ESK-k 300 bat ordezkari ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lantokietan, ordezkaritzaren %1,5. Orain dela gutxi banaketa pairatu zuen Nafarroan. Zatiketa horretatik atera zen beste taldeak Solidari izena hartu du, eta horrek ere bat egin du irailaren 29ko lanuztearekin.
Bestalde, greba orokorra babesteko idazkia martxan jarri du herritar talde batek. Ekainaren 29an greba egin ondoren, irailean ere gelditzea beharrezko ikusten duten pertsonek bultzatu dute ekimena. Agiria Joxe Iriarte Bikila idazleak eta Ruben Belandia EHUko langileak aurkeztu zuten. Dagoeneko, ehun lagunek bat egin dute. ESK eta CCOOko sindikalistak, EHUko irakasleak, eta jatorri ezberdineko jendea bildu dute. «Ekainaren 29an bilatzen genituen helburuak ez dira lortu; hori dela eta, borrokan jarraitu behar dugu», dio agiriak.
############
Sordok «erantzun bateratua» eskatu dio sindikalgintzari
Manifestazioak eta ekitaldiak antolatu dituzte CCOOk eta UGTk, Bilbon greba orokorra prestatzekoMikel Carramiñana. Bilbo
Ordezkariak bildu, manifestazioak antolatu eta mezua azpimarratu: Irailaren 29an, greba orokorra. CCOOk eta UGTk deitutako lanuzterako hamabi egun eskas falta direla, motorrak berotzen hasiak dira sindikatu biak. Hala egin zuten atzo, Bilbon, Unai Sordok eta Damaso Casadok, nork bere aldetik eta bere militanteen aurrean, gai bera jorratzeko bazen ere: «Langileei kalte larriak dakarzkien lan erreforma geldiarazteko, greba ezinbestekoa» dela zabaltzea, Euskadiko CCOOko idazkari nagusiaren hitzetan.
Casilla kiroldegian hitz egin zuen Sordok, bi mila ordezkari eta militanteren baino gehiagoren aurrean. Ikurrinak eta sindikatuko banderak ziren nagusi publikoan; oholtza gainean, berriz, Ignacio Fernandez Toxo Espainiako CCOOko idazkari nagusia azaldu zen euskal buruzagiarekin batera. Krisiaren jatorria, lan erreformaren nondik-norakoak eta grebaren zergatiak azaldu zituzten ia bi orduko hitzaldian.
Hilaren 29ko lanuztearen aldeko eta Zapateroren kontrako oihuekin amaitu zuten ekitaldia eta, ondoren, Autonomia kalera jo zuten, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzarainoko manifestazioan. Pankartari eusten ziola, greba arrakastatsua lortuko dutela ziurtatu zuen Sordok: «Gure lankideak ahalegin handia egiten ari dira azken txanpa honetan, lantoki guztietara grebarekin bat egiteko arrazoiak helarazteko».
Euskal sindikatuen batasunezaren harira, Euskadiko CCOOk grebara langile guztiak, «abertzaleak eta ez-abertzaleak», deitzen dituela argitu nahi izan zuen. ESK-k greba babesteari, bestalde, «zoragarria» deritzo, CCOOren eta UGTren kontrako kritikak eginda ere, «ez baitiogu inori eskatuko bere pentsaera eta sindikalgintza eredua aldatzeko».
Langile guztiek pairatuko duten eraso komun baten aurka, alabaina, «erantzun bateratua» ematera deitu ditu gainerako sindikatuak: «Horixe da sindikalgintza abertzaleko buruzagi jakin batzuek barneratu behar dutena».
Espainiako presidenteak sustatutako lan erreformaren inguruan, langileen kontrako «eraso larria» dela gogorarazi zuen Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak eta, horren inguruan, Gobernuaren menpeko komunikabideen bitartez langileen artean zabaldu nahi duten «etsipena» gainditu beharra dagoela uste du. Baina Administrazioak ez ezik, ELAk eta LABek darabilten jarrera ere kritikatu zuen, «haiek ere etsipenaren ideia zabaltzen dutelako».
Toxok, azkenik, erretiroa atzeratzeko asmoaren kontra hitz egin zuen, gaur egun 45 edo 50 urtekoek lanik topatu ezinean daudenean, «Zapaterok 67 urtekoei lana emango ote dien» galdegin zion Espainiako presidenteari.
Erreforma zuzentzea helburu
Bilbon berton eta ordu berean, baina Juan Larrea aretoan, grebara deitu duen beste sindikatuak antolatutako ekitaldia egin zuten. Damaso Casado UGT-Euskadiko eta Candido Mendez Espainiako UGTko idazkari nagusiak aritu ziren hizlari. Ekitaldia amaituta manifestazioa egin zuten, Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaraino.
Lan erreformarekin atzera egiteko eskatu zion Mendezek Rodriguez Zapaterori: «29ko greba horretarako aukera izango du, erreforma aldatu ezean bera aldatuko baitute». Espainiako presidenteak jarraitutako bidea «guztiz desegokia» dela salatu zuen, hartutako neurriek krisialdia areagotu eta ekonomiaren susperraldia atzeratzen dutelako.
Nazioarteko eragileek eskatutako guztia bete izana leporatu zion, bestalde, Madrilgo Gobernuari:«Europako gehiengo eskuindarrak agindutako erreforma egin ondoren, orain Europak berak dio krisia gainditzeko helburuan atzeratzen ari garela».
UGTko buruak sindikatu abertzaleen kontra ere egin zuen, langileen arazoak konpontzeko konpromisorik ez edukitzea egotzi ziela. Sindikatu horiek duten ordezkaritza «errespetatu» arren, langile klaseak dituen arazo globalak konpontzeko garaian «oso eragin txikia» dutela uste du.
############
ELAren eta LABen argudioak grebaren aurka
CCOOk eta UGTk EAEn nahiz Nafarroan dituzten idazkari nagusiei gutun bana bidali zieten ELAk eta LABek, batera, irailaren 29ko deialdiarekin bat ez egiteko dituzten arrazoi nagusiekin.GIZARTE ELKARRIZKETA
Edukirik ez. Gizarte elkarrizketaren bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezartzen dituzten murrizketak babesten direla uste dute ELAk eta LABek. Mahaietan edukirik ez egoteaz gain, mobilizazioak trabatzen dituela uste dute. «Greba orokorra deitzea ez dator bat gizarte elkarrizketan zabaldu nahi den normaltasun itxurarekin». Halaber, Espainiako gizarte elkarrizketak urtez urte langileen baldintzak okertu dituela salatu dute.
KES ETA LHK
Jokabide «antidemokratikoa». Patxi Lopezen gobernuarekin ados jarri, eta Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean nahiz Lan Harremanen Kontseiluan ELAri eta LABi zegokion ordezkaritza «bereganatzea» leporatu diete CCOO eta UGTri. Nafarroako lan eta gizarte arloko organo askotatik baztertuak direla gogoratu dute, halaber.
ESPARRU PROPIOA
Arauak desagertzen. CCOOk eta UGTk Espainiako esparruari lehentasuna ematearen poderioz, euskal arloan finkatu beharreko araudi propioak desagertzen ari dira, gehiengo sindikalaren iritziaren aurka.
NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA
Isilpean negoziatzen. CEOE patronalarekin negoziazio kolektiboaren erreforma «isilpean» negoziatzen ari dira Espainiako sindikatuak. Hegoaldeko langileei erabakitzeko eskubiderik gabe utzi nahi zaiela uste dute ELAk eta LABek.
############
############