«Lehen jada laguntza prekarioa zena 2012an are prekarioagoa bihurtuko da», salatu du Aintzane Ezenarro Aralarren Legebiltzarreko bozeramaileak. Gizarte laguntzetan izango den %7ko murrizketa kritikatu, eta Gemma Zabaletak bere hitzaren aurka jo duela esan du. «Gizarte laguntzak jasotzen dituztenen kopurua gutxitzeko neurriak hartu dituzte PPren eskutik, eta orain, hartzaileen diru kopurua murriztuko du». Alde horretatik, hartzaileentzat 612 euro aurreikusi izana salatu du Ezenarrok, «aurten baino 46 euro gutxiago».
Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak azaldu du, berriz, diru sarrera bermatzeko errenta %7 jaitsi arren Espainiako altuena izango dela oraindik ere. Horretaz gain, elkartasunak «bideragarria» izan behar duela zehaztu du Zabaletak, «laguntza horiek denon artean ordaindu behar baitira». Edozein modutan, diru sarrera bermatzeko errenta handitzeko aukera ere badagoela zehaztu du, «eskubide subjektibo bat baita, sistemarekin bat egiten duten pertsona guztiei eman behar baitzaie laguntza». Aurten, esaterako, aurreikusi baino 60 milioi euro gehiago banatu direla esan du.
Soldatak izoztearen aurka
Eusko Jaurlaritzak langile publikoen soldatak izozteko eta plantilla ez handitzeko erabakia, berriz, Greziako ereduarekin alderatu du ELAk. «Eskubideen galera sendotu nahi du langile publikoen artean, eta haien lan baldintzak pobretu». Sindikatuak gogora ekarri du 2010ean soldatak %5ean murriztu zirela, eta aurtengoak izoztuta daudela. Neurri horiekin erosahalmena %13 galdu dela salatu du.
UGT sindikatuak ere bat egin du salaketarekin. Luis Mari Martinez zerbitzu publikoetako idazkari orokorrak azaldu duenez, «langileak zigortzeak ez du laguntzen ekonomia suspertzen, langileak zigortu besterik ez baitu egiten».
Enpleguari dagokionez, agindutakoa ez betetzea leporatu dio ELAk Jaurlaritzari. Murrizketa horiekin zerbitzu publikoaren kalitatea kaskartuko dela iragarri dute, «eta enpleguak kentzeak pribatizazioari emango dio bide». Hori salatzeko, oraingo mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute.
Gemma Zabaletak hitza jan duela salatu du Ezenarrok
Aralarreko bozeramaileak uste du «okerren daudenak» zigortuko dituztela 2012ko aurrekontuek Erredakzioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu