Petrolioa 77 dolarretara iritsi berri denean, adierazgarria da munduko zortzi herrialde aberatsenen (G8) goi bileraren ardatza segurtasun energetikoa izatea. Errusia, duela hamar urte krisian murgildua, errautsen artetik altxatuda bere energia baliabideei esker. Ez hori bakarrik. Orain aurrez aurre begiratzen die beste presidenteei Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Izan ere, geostrategiaren taulan, iraganean galdutako eragin eremua berreskuratzeko arma gisa darabil Putinek petrolioa eta, batez ere, gas naturala.
Taula horretan, Putinek badu erregina: Gazprom taldea.300.000 langile eta 158.000 kilometroko luzerako gasbideak dituen erraldoia da Gazprom, eta gas naturalaren ia merkatu osoa kontrolatzen du Errusian. Hori asko esatea da, Errusiaren lur eta itsas azpian baitago munduan frogatutako gas erreserben laurdena, eta hortik %60 Gazpromen esku daude.
Baina Gazprom konpainia bat baino zerbait gehiago da. Errusiako Estatuak akzioen erdiak ditu, eta askotan ez dago garbi non hasten den Gazprom eta non bukatzen den Estatua. Hainbeste, non gobernuko goi kargu batek ironiaz esan berri baitu orain gutxi ez ote duen Estatuak laster izena aldatuko, «Gazprom deitzeko».
Ez da gutxiagorako.Gasa eta petrolioa ez ezik, industria nuklearrean, komunikabideetan, turismoan edo arrantzan aktiboak ditu-eta. Putinek presidentetzan Alexei Miller konfiantzazko gizona jarri du; Dmitri Medvedev Errusiako gobernuko kabinete burua da kontseilari ordezkaria. Zuzendaritzako 17 kideetatik bederatzi San Petersburgokoak dira, eta horregatik deitzen zaio Gazpromi San Petersburgoko klana.
ERRUSIAREN ISPILUA. Gazprom, batez ere, Errusiaren iragan hurbilaren eta orainaren sinboloa da. 1989an Sobiet Batasun ohiko Gas Industria Ministerioa banandu zenean sortua, 90eko hamarkada amaieran, milaka milioi dolarreko zerga iruzurrak egotzi zitzaizkion, eta nazioarteko operazio susmagarrietan sartu zen Gazprom. Ustelkeri kiratsa zerion konpainiari, eta, Hermitage inbertsio funts atzerritarrak 2000an esan bezala, «inbertsiogileek konpainia haubalioesten dute aktiboen %99 lapurtua balitz bezala».
2001ean Gazprom garbitzea erabaki zuen Putinek. Aurreko zuzendaritza kargutik kendu, akzioen erdiak Estatuaren kontrolpean jarri eta San Petersburgoko klanarieman zion Gazpromen lema. Eta egoera erabat irauli du, Errusiaren susperraldi ekonomikoaren eragile nagusietako bat bihurtzeraino. «Lehen ez genuen inolako botererik; orain, berriz, bai», laburiltzen du Medvedevek.
1991tik 1998ra Errusiako ekonomia %40 uzkurtu zen, 1998tik 2006 amaierarako giharra berreskuratu du, %65 hazi delako . Eta neurri handi batean energia prezioei esker berreskuratu du galdutako ohorea. 1998an Brent upela 11 dolarretan zen; orain 77 dolarretan dago. Petroliotik eta gasatik etorritako diru sarrerei esker, atzerriko diru erreserbak 180.000 milioi dolarretara iritsi dira, eta bere kanpo zorra ordaintzen ari da Errusia. Adibidez, Sobiet Batasunaren garaiko 17.500 milioi euroko zorra ordaintzear da Parisko Klubari.
Petrolio menpekotasunetik ihesi egin nahian, atzo San Petersburgon bildu ziren herrialdeek, Europako Batasun osoa barne, gas naturalaren aldeko apustua egin dute. Mende hasierako energia iturri nagusia izateko bidean da gasa, eta, munduko erreserba handienak izaki, Gazprom-Errusia binomioak errespetu handia sorrarazten du: «Errusia ia mugagabeko gas hornitzaile itzela da, eta horrek Gerra Hotzean zena baino are boteretsuago bihurtzen du». dio KPMG aholkularitza etxeko energia analistak.
Botere hori ederki baliatzen ari da Putin. Urte hasieran, Gazpromek Ukrainari egun batzuz hornidura moztu zion, gasaren prezio igoeraren aurka azaldu zelako. Mozketa Europako hainbat herrialdek pairatu zuten, eta EBn kontsumitutako gas naturalaren laurdena Errusiatik datorrenez, segurtasun energetikoaren eztabaida piztu zen.
SEGURTASUN ENERGETIKOA. Baina G-8an eztabaidagai den segurtasun energetiko hori modu desberdinean ulertzen dute EBk eta Putinek. Europarentzat hornidura ziurtatzea da; Errusiarentzat, aldiz, «eskaria ziurtatzea». Ñabardura txikia baina erabakigarria. Gazpromek gas naturala Europako enpresa eta etxebizitzetara iristea ahalbidetzen duen gasbidesarea bereganatzeko nahia du, ustiatzailea ez ezikhornitzailea ere izatea. Asmo horrek, jakina,beldurra sortzen du Europan.
Errusia ez dabil txantxetan. Erresuma Batuan Centrica gas eta argindar enpresa erosteko jarri dizkioten trabak ikusita, Alexei Miller Gazpromeko buruak mehatxatu zuen «ezer onik» ez dutela ekarriko horrelako jarrerek, eta EBn ez bada beste nonbaiten salduko dute gasa.
Lehia askea aldarrikatzen du Putinek. Errusiak hamabi urtez gasaren eta petrolioaren hornidura askea ahalbidetu duen Gutun Energetikoa sinatzea nahi du EBk, bainaErrusiak nahiago du epe luzeko kontratuak sinatu.«Baliabide energetiko merkeen garaia amaitu da». Munduan petrolioa eta gasa kontrolatzeko borrokaareagotu egin da», dio Alexei Millerrek.
ETORKIZUNEKO PROIEKTUAK. Bezeroak ez zaizkio faltako.Txinak, Japoniak eta Estatu Batuek desiratzen dute Gazpromen gasa. Txinara bi gasbidea zabaltzen ari da, Japoniarekin Errusia ekialdeko Sakhalin gas naturala hornitzeko proiektua sinatu berri du, eta Barents itsasoanmunduko gas tokirik handienean azpiegiturak ezartzen hasi berri dira Gazprom eta AEBetako eta Norvegiako bina konpainia, handik itsasontziz garraitzeko.
Europan merkataritza askea aldarrikatzen duen bitartean, Errusian bertan, gas merkatua ondo lotua du Putinek: Errusiako gasaren garraioaren monopolioa du, eta ekaina amaieran Dumak (Errusiakolegebiltzarrak) gas esportatzaile bakarbihurtu zuen Gazprom.
Baina dena ez da irribarre Putinentzat. Turkmenistan Asia Erdialdeko gas ekoizleak txanpon berarekin itzuli nahi dio, eta mehatxatu du gas hornidura erabat moztuko duela, Gazpromek 10.000 gas metro kubiko bakoitzeko prezioa 65 dolarretik 100 dolarrera igotzea onartzen ez badio.
GAZPROMEN ARAZOAK. Arazo are larriagoa du. Asko hazi da Gazprom, baina ez du behar beste inbertitu. Egun Siberiako bere hiru gas toki garrantzitsuenetan ustiatzen da produkzioaren %75 inguru. Eta IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, horiek azkenekotan dira, gainbeheran. Horiek ordezkatzeko beste hiru gastokiak -Sakhalin, Iamal eta Shtokman-ez dira ustiatzen hasiko 2010 baino lehen.
Errusia bera munduko bigarren gas kontsumitzailea izaki, ezbai zaila izan dezake laster Putinek. Datorren urtekoneguandira hauteskunde orokorrak, eta, gasaren horniduran arazoak sortuz gero, Nadejda Victor Stanford Unibertsitatekoadituaren arabera, aukera erabakigarria egin beharko du Gazpromek: «Kontsumitzaile (hautesle) errusiarrei gasa hornitu gabe utzi, edo iturria itxi bere Mendebaldeko bezeroei».
Zuzendaritzan, 17 kideetatik 9 San Petersburgokoak dira. Horregatik deitzen zaio San Petersburgoko klana
Gazpromen nahia da,Europa hornitzeaz gain,gas sarea kontrolatu eta bereganatzea
Geoestrategian, Putinen erregina
Enpresa bat baino zerbait gehiago da Gazprom. Gas naturala eta petrolioa baliatuta, Errusiak iraganean galdu zuen itzala berreskuratzeko arma estrategikoa da, Putinen kontrolpekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu