Gernikatik sukaldera, %740 garestiago

Azoka gardena egin dute EHNEko baserritarrek Bilbon, kontsumitzaileei haiek jasotzen dutenaren eta saltokietako prezioen artean dagoen desorekaren berri emateko; horrela jarraituz gero Euskal Herrian baserri mundua desagertu egin dela ohartarazi dute.

Mikel Carramiñana.
2008ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Gutxik imajinatuko zuten duela hamarkada batzuk lurrak emandakotik bizitzea ezinezkoa izango zela. Industriak eta zerbitzuak desager daitezke, baina elikatzea ezinbestekoa du gizakiak. Baserritarrek, garai batean, beren eta inguruko herrietan saltzen zuten ekoitzitakoa, baina egun, saltoki handien erresuman, ezinezkoa dute dendetako apalategietara beren produktuak eramatea. «Oso zaila daukagu Euskal Herrian saltzea, ekoizle txikiak garelako eta banatzaile handiek bolumen handiak nahi dituztelako». Mikel Kormenzana EHNEko Bizkaiko presidenteak zentzugabeko egoera dela dio: «Ez da logikoa gure etxean bertan ezin saltzea».

Nekazarien sindikatuaren arabera, Bizkaian kontsumitzen diren elikagaietatik %5 bakarrik dira berton ekoitzitakoak, eta Euskal Herriko kopurua, berriz, %20koa da. Gainerakoa kanpotik dator, «eta gure baserri mundua desagertzera doan», EHNEko Ainhoa Iturberen esanetan. Ekoitzitakoagatik ordaintzen dietena duela 20 urtekoaren parekoa dela salatu dute, saltokietan prezioak asko igo badira ere. Hori ikusirik, ustiapen ugari laga dituzte baserritarrek, bizitzeko beste ez baitie ematen lurrak.

Egoera horri aurre egiteko bideak eraiki nahi dituzte, eta, horietako bat, kontsumitzaileei prezioen gorakadarekin gertatzen ari dena erakustea da. Horretarako antolatu zuten atzo, hain zuzen ere, azoka gardena deritzotena. Baserritik zuzenean ekarritako produktuak eraman zituzten Bilboko Kale Nagusira eta, merke saltzeaz gain, bakoitzaren prezioaren berri eman zieten hurbildu ziren guztiei, ekoizleek litro, kilo edo ale bakoitzeko jasotzen dutena eta kontsumitzaileek saltokietan ordaintzen dituzten prezioak, parez pare.

Ondorioak, gehienentzat, harrigarriak ziren: Gernikako piper kilo baten truke 0,50 euro ordaintzen dizkiote baserritarrari; supermerkatuetan, berriz, 3,71 euro ordaintzen dituzte erosleek. Baratzetik saltokira, beraz, %742an garestitu dira piperrak. Hain muturrekoak izan gabe, alde handiak dituzte tomatea (%280), zerba (%202), okela (%420) edo esnea (%250) bezalako produktuek. Ekoizleen ustez, «gehiegizko irabaziak gelditzen dira bidean». Loren Ortizek esnea eta gazta saltzen ditu. Azaldu zuenez, zuzeneko salmentak egingo ez balitu, nekez egingo luke aurrera: «Ahalegin eta inbertsio handiak behar dira, etekin gutxi lortzeko».

Herritar ugari bildu zen Bilboko erdigunean jarritako azokara, eta, erosi ez ezik, prezioen inguruan baserritarrek plazaratu nahi zuten kezka bere ere egin zuten. Askok bidegabekeria dela esaten zuten paneletan ageri ziren salneurrien arteko marjinak ikustean. Javier Aranguren bilbotarra horietako bat izan zen: «Ikaragarria da prezioekin egiten dutena, baina argi dago ekoizleen errua ez dela». Ildo berean, Jaurlaritzak prezioak kontrolatzearen aldekoa dela gaineratu zuen.

Kontsumitzaile sareak

Elikagaiak ekoitzi eta zabaltzeko alternatibak sortu beharraz ere hitz egin zuten atzokoan. «Euskal ekoizleak eta euskal kontsumitzaileak behar ditugu». Kormenzanaren ustez, kontsumitzaile sareak bultzatu behar dira, baserritarrak eta erosleak batera aritzeko. Nekazari izeneko sareei esker, «kalitatezko produktuak lortzen ditu kontsumitzaileak eta prezio duinetan saltzen ditu baserritarrak».

Bizkaian bost sare inguru daude dagoeneko eta bakoitzak 100 bat familia biltzen ditu. Gipuzkoan ere badira, «talde txikiagoetan» bada ere. Duela urtebete jarri zituzten martxan sareok eta urte bukaerarako, Internet erabiliko dute egitasmoa indartzeko. Iraganean bezala, ingurukoei saldu ahal izatea da helburua.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.