Geroa, 130.000 langile gipuzkoarren etorkizuna

Hamar urtean hitzarmen kolektiboa duten hamazazpi sektore biltzea lortu du

DONOSTIA
2006ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Hamar urte igaro dira Gipuzkoako patronalak eta sindikatuek Geroa sortu zutenetik. Baina oraindik entitate hasi berria dela uste du Virginia Oregi gerenteak. «Ez da erraza izan, lan asko egin dugu, baina erakunde egonkor bat izatea lortu dugu». Hala ere, luzea ei da aurretik duten bidea. Hala azaldu zuten atzo goizean, Geroak Donostian duen egoitzan eginiko agerraldian.

Izaera sektorialeko Euskal Herriko enplegu pentsio osagarrien lehenengo entitatea da Geroa. Lehenengoa, eta bakarra. Arturo Garcia zuzendariaren hitzetan, hasieran «jendeak ez zuen konfiantzarik» Geroan. «Ia inork ez zuen pentsatzen halako proiektu bat ongi irten zitekeenik». Baina, hamar urte igaro ostean, ezin ukatu bistakoak diren lorpenak: 9.000 enpresatako 130.000tik gora bazkide ditu; Gipuzkoan besteren kontura lanean diharduten langileen %60. Haiei esker, 500 milioi euroko ondare metatua lortu du, eta datorren urterako ehun milioi euro gehiagokoa izatea aurreikusten du.

«Gipuzkoako langileek behar bezalako etorkizuna izatea da gure entitatearen helburua. Etahori ziurtatzeko sistemarik eraginkorrena, berriz, izaera sektorialeko pentsio osagarriak». Argi azaldu zuen Geroaren zuzendariak. Izaera sektorialeko pentsio osagarri horiek edozein bankuk bere bezeroei eskaintzen dizkien pentsioen antzekoak dira. Baina badute desberdintasun bat: bezeroa pertsona partikular bat izan beharrean, sektore guztia izaten da. Langileek eta enpresaburuek sektoreko hitzarmen kolektiboan negoziatzen dute Geroaren bazkide bihurtu ala ez. Eta hori izaten da garairik zailena. Izan ere, bazkide egitea onartuz gero, ekarpenen erdiak enpresek ordaindu behar izaten dituzte, eta enpresaburu guztiak ez dira horretarako prest egoten. Hala ere, urteen joanean, Gipuzkoako hamazazpi sektorek lortu dute hitzarmen kolektiboaren bidez Geroaren bazkide izatea.Hitzarmen kolektiborik ez duten sektoreetako enpresentzat ere entitateak ateak zabalik dituela esan zuen Garciak. «Nahikoa da enpresako langileek hala erabakitzea». Egun, mota horretako 24 enpresa daude Geroan.

Hau da Geroaren lana, bi hitzetan azalduta: langile bat erretiratu edota lanik egin ezinean geratzen denean, ekarpenen bidez entitatera helarazitako dirua modu egokian banatuta iztultzea. Langilea hiltzen bada, alargunarentzat edota seme-alabentzat izango litzateke dirua, eta, gainera, langileak 65 urtera arte lan eginda bezala.Bazkideen ekarpenekin osatutako kapitala inbertitu egiten du Geroak beste enpresa batzuetan. Baina betiere inbertsioa errentagarria suertatuko zaiola ziurtatu ondoren. Inbertsioak, gainera, bazkideen onerako izan litezkeela iruditzen zaizkion enpresetan egiten ditu. Azkenekoa, esaterako, minbiziaren inguruan ikertzen diharduen enpresa batean .

HISTORIA



70eko urteetako langileek utzitako ondarea



Geroa 1996. urteko urtarrilean sortu zuten, baina historian urte batzuk atzera egin beharra dago arrazoiak ulertzeko. 1970eko hamarkadan, Gipuzkoako industria siderometalurgikoak pentsio osagarria zeritzona onartu zuen hitzarmen kolektiboan. Haren helburua, gutxienekomailara iristen ez ziren altzairugintzako langileei erretiro eta elbarritasun duina izateko pentsioak iristea zen. Eta langilea hiltzen zen kasuetan, baita haien alargunari edo haurrei ere. 1995. urtean, ordea, pentsio haien Batzorde Kudeatzaileak ardura hura alde batera uztea erabaki zuen beharrezko baliabide teknikorik eta tresna juridikorik ez zuelako.Egoera hark langileak gogoeta egitera behartu zituen, eta baita lehenengo eztabaidak sortu ere altzairugintza sektorean zebiltzan langileen artean. Hasiak ziren Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen sorreraz hitz egiten. Eta ez zuten denbora asko behar izan erabakia hartzeko. Geroa izango zen erakunde berri haren izena. Adegi Gipuzkoako enpresaburuen federazioa eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak bildu eta entitatearen helburuak eta oinarriak zehazteari ekin zioten. Ordutik, erabaki guztiak enpresaburuen eta langileen ordezkarien gehiengoz hartu izan dituzte beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.