CNA Groupek langileei aldiro jakinarazten dien etorkizun promesa eta beltzez marraztutako oraina ez datoz bat. Arrasateko Fagor Etxetresnak kooperatibaren errautsetatik jaiotako enpresak laino beltz handi bat dauka aurrez aurre. Jorge Parladek gidatzen duen proiektua inbertitzaile baten zain dago, eta berriki erabakitako 34 kaleratzeak —udan beste 19 egin zituen— finantza arloko ahalezko inbertitzaile hori erakartzeko mugimendua litzateke.
Edesa Industrialek —Fagor CNA Groupen izen berria— likidezia arazoak dauzka, ordea, eta zalantza ugari sortu dira Arrasateko kooperatiba ikurraren lekukoa hartu zuen SAren inguruan. BERRIAk jakin duenez, hornitzaileei atzerapenez pagatzen ari zaie, eta merkatuan uste baino arazo handiagoak daudela tarteko, denbora bukatzen ari zaio kooperatiba ohiaren konkurtsoan eskaintza onena egin zuen taldeari.
Epe laburrerako egitura uzten ari da Jorge Parlade bazkide finantzario bat erakartzeko. Bestela, nekez uler daitezke salmentak, erosketak, eta I+G ataleko langile kualifikatuak kaleratzea. Azken 34 kaleratuetatik gutxienak diraekoizpen atalekoak. Kataluniako taldea banku baten laguntza bilatzen ari dela diote proiektua gertutik ezagutzen duten hainbat iturrik. Edo erosle bat.
Royaltyak pagatzeko ordua
Aurreikuspenak ez dira betetzen ari, izan ere. «Etsipena nagusitzen ari da» salmentak ez direlako espero zirenak. Porrot egin zuen kooperatibari barkatu ez zion merkatua bera mugatzen ari da Fagor CNA Groupen geroa. Ez du ematen aukera handirik duenik bazkide industrial bat gabe aurrera ateratzeko. Likidezia arazoak konpon ditzake banku batek epe batez, eta inbertsioa ahalbidetu; baina etxetresnen merkatu helduan behar bezain ongi sustraitzeko, sektoreko handi bat behar da alboan gehienetan; hor dago Balay eta Boschen kasua. Alemaniakoak Espainiako marka erosi zuen, eta tokiko estrategia bat garatzen ari da, irabazi marjina utziko luketen salmenta jakin batzuk bermatzeko.
Fagor ez da CNA Groupena, ordea. Eta egosketan oraindik izen onari eusten dion marka horren truke royalty batzuk pagatzen hasiko dira kataluniarrak aurten. Enplegu helburu batzuen truke,debalde ustiatu dute Fagor marka orain arte, baina 2017an ordaintzen hastea tokatzen zaie, Fagor taldeak enpleguaren alde abantaila handiko tratua eskaintzen badio ere. 350 enplegu exijitzen zuen Arrasateko taldeak marka uzten jarraitzeko. Datozen asteetan berrikusiko dute euren harremana talde biek, baina helburuak ez dira kopuru horietatik urrun ibiliko, eta ez da espero inolako arazorik CNA Groupek Fagor ustiatzen jarrai dezan.
Bazkide ohi kaleratuak
CNA Groupek kaleratu berri dituen 34 langileetatik gehienak (30 inguru) Fagor Etxetresnak kooperatibako bazkide ziren, eta, beraz, Lagun Aro BGAEra itzuliko dira. Soldatapeko bihurtu zirenean horretarako aukera zabalik utzi zuten, hiru urteko epean. Lagun Aroren langabezia jasotzen hasiko dira, baldin eta CNAra joan aurretik erabat amaitu ez bazuten —24 hilabetekoa da—, eta lan poltsan sartuko lirateke.
Gehienak trebakuntza maila ertain edo handikoak izaki, litekeena da luze gabe enplegu berria lortzea Mondragon taldeko kooperatibaren batean. Ordu arte, Gizarte Segurantzaren langabezia edota Lagun Aro BGAErena jasoko dute. Beraz, kaleratzeak ez dira hain traumatikoak izango, Mondragon taldeak bazkidetzaren loturari eusteko aukera eman zielako CNA Groupen soldatapeko bihurtu zirenean.
Baina kaleratzeen ondorio pertsonaletik harago, kaleratze horiek islatzen dutena da kezkagarria Arrasateko Garagartza egoitza nagusi duen enpresako langileentzat. «Agertoki berri bat» prestatzen ari direla esan dio zuzendaritzak langile batzordeari, banku baten inbertsioa gertu egon daitekeela; baina, oraingoz,enplegu erregulazio bat eta kaleratzeak baino ez dituzte ikusi.
«Ez dakigu benetan ustezko bideragarritasun baten alde edo gastuak txikitzen ari diren, besterik gabe», dio Exabier Arrietako LAB sindikatuko ordezkariak. Arrasate, Eskoriatza eta Basauriko lantegietan «erabateko ezinegona» dago, jakin badakitelako «finantzaketa edo inbertitzaile berri bat» behar duela enpresak. Likidezia arazoak egon daitezkeen susmoa dute beharginek, baina orain arte soldata guztiak jaso dituzte. «Zerbait zehatza ikusi nahi dugu, eta promesa horiek guztiak nola zehazten diren aztertu».
Geroa bizkarra ematen ari zaio Fagor CNAri
Kataluniako CNA Group inbertitzaile baten zain dago Fagor Etxetresnak kooperatibatik jaiotako enpresak aurrera egin dezan. 34 langile kaleratu ditu banku baten babesa ekarriko liokeen egitura bilatu nahian. Likidezia arazoek hornitzaileei atzerapenez ordaintzen hastea eragin dute jadanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu