Zorraren krisia. Neurriak eta protestak

Gerra ekonomia Gipuzkoan

Diputazioak eta haren sozietate publikoek 1.753 milioi euroko zorra dute guztira, horietatik 900 milioi euro BidegikGastua murriztea eta zorra kontrolatzea dira erakundearen lehentasunak

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gerra ekonomia. Hori da Gipuzkoako Diputazioaren lehen erabakien eta datorren urterako irizpideen oinarria. Gerra ekonomia, ekonomiaren beraren egoera oso kaskarra delako. Gerra ekonomia, gobernu berriak behin eta berriro nabarmentzen duenez, diru kontuetan zulo handia jaso duelako aurreko gobernuaren eskutik.

Helena Franco Ogasun diputatuak eta Larraitz Ugarte erakundearen bozeramaileak 101 milioi euroko zuloa aipatu zuten aurreko astean: alde batetik, aurrekontuetan baino 35 milioi euro gehiago gastatu behar dituzte, gastu hori onartuta baina aurrekontuetan sartu gabe zegoelako;bestetik, iragarri baino 66 milioi euro gutxiago biltzea espero dute, besteak beste Espainiako Gobernuak kupoa bere irizpideen arabera gaurkotu duelako eta Rover auziari dagokion zorra kobratzen hasi delako.

Diputatuen Kontseiluak atzo egin zuen lehen bilera, eta atzo hartu zituen lehen erabakiak, diru kontuak txukuntzeko asmoz guztiak. Errepideetako, bidegorrietako eta Hondakinen Partzuergoko zenbait gastu atzera- tu nahi ditu, 35 milioi euroko zuloa ordaintzeko. Azpiegitura batzuen gastuak bertan behera uzteko, Batzar Nagusien baimena behar du, eta eskatu egingo die: Zarauzko saihesbidea, Lasarte-Oriako hegoaldeko lotura eta N-1 eta N-6350 errepideen Tolosako lotura.

Beste zenbait errepideren inbertsioak ere bertan behera geratuko dira: Hernaniko saihesbidearen zenbait zatirenak eta Irungo saihesbidearenak. «Gelditze teknikoak» izango direla esan zuen Ugartek atzo. Alegia, aurten bertan behera geratu arren, agian datorren urtean egingo dituztela.

Bidegik, 900 milioiko zorra

Ugartek erakundearen diru kontuen egoerari buruzko zehaztasun gehiago eman zituen atzo. Diputazioaren zorra, sozietate publikoak aintzat hartuta, 1.753 milioi eurokoa da, iazko BPGaren %8 inguru: diputazioarena 563 milioi eurokoa da (2006an 260 milioi eurokoa zen), Bidegirena 900 milioi eurokoa eta Hondakinen Partzuergoarena 290 milioikoa.

Bidegi zorpetu egin da Gipuzkoako errepideak ordaintzeko. Ugartek zehaztu zuen aurreko gobernuak zorra hogei urteko bidesariekin ordaintzea erabaki zuela, urtean 50 milioi euro inguru.

Gobernu berriarentzat, pilatutako zorra aurreko agintarien «axolagabekeriaren» emaitza da, Gipuzkoak ahal baino gehiago gastatu dutelako, azpiegituretan batez ere: «Inbertsio erraldoiak egin dira. Asko inbertitu da porlanean. Kontua azpiegiturak egitea zen, nola hala ordainduko zelako. Hor dago desoreka».

Diputatuen Kontseiluak 2011-2013 Finantza Plana onartu zuen atzo, datozen urteetan aurrekontuetan oreka lortzeko. Zorpetzeko joera eten egin nahi dute, «baina egoera ekonomikoa eta perspektibak ikusita», aurten gehiago zorpetzea erabaki dute: 48,6 milioi euro, 2012an bankuei bueltatu behar dieten zorra. «Helburua gehiago ez zorpetzea da», esan zuen Ugartek, «zorrak aurrekontuak ahalik eta gutxien baldintzatzea».

2012ko aurrekontuak BPGaren %3,6ko hazkunde nominalean (inflazioa barnean hartuta) oinarrituko dituzte. Ogasun Departamentuko teknikariek proposatutako hazkundea da. Aurtengo aurrekontuak ere hazkunde horretan oinarrituta egin zituzten.

Baina gastua murriztea ez da nahikoa egoerari buelta emateko. Diru sarrerak ere handitu behar dira. Diputazioak zerga politika aldatu nahi du, diru gehiago biltzeko «bildu behar den lekuan», «gehiago daukanak gehiago ordainduta». Ugartek, dena den, ez zuen zehaztu ze aldaketa proposatuko dituzten: ondasunen gaineko zerga berreskuratzea, errenta altuei PFEZ igotzea... Sistema «progresiboagoa eta justuagoa» izateko urratsak egingo dituztela esan zuen.

Aurreko astean, Ugartek eta Francok axolagabekeria leporatu zioten aurreko gobernuari, erakundean 101 milioi euroko zuloa uzteagatik. Markel Olano diputatu nagusi ohiak eta Pello Gonzalez Ogasun diputatu ohiak erantzun zieten besteak beste 73 milioi euroko soberakina utzi zutela, defizitari aurre egiteko. Ugartek atzo onartu zuen soberakina badagoela, baina teknikariek ez erabiltzeko gomendatu dietela, badaezpada, balizko larrialdiei aurre egin ahal izateko. Erabiltzekotan urtea amaitutakoan erabiliko dutela zehaztu zuen.

Jaurlaritza, kezkatuta

Gipuzkoako Diputazioaren egoera bakarrik ez, Eusko Jaurlaritzarena ere kezkagarria da. Idoia Mendia bozeramaileak atzo onartu zuen gero eta zailagoa dela oinarrizko gastuak murriztea. Aurreikuspenen arabera, diputazioek espero baino mila milioi euro inguru gutxiago bilduko dituzte zergetan, eta horrek 700 milioi euro inguruko zuloa eragingo du Jaurlaritzan.

2012ko aurrekontuetan hezkuntza, osasuna, garraioa, justizia eta gizarte zerbitzuak «lehentasunezkoak» izango direla nabarmendu zuen Mendiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.