Gerra ez dago krisian

2007tik 2011ra %24 igo da armen nazioarteko salerosketa, SIPRI erakundearen arabera

jakes goikoetxea
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Gobernuek gizarte zerbitzuen gastuetan estutzen dute gerrikoa, ez armen gastuan. Ezta krisi garaian ere: 2007tik 2011ra bitartean %24 handitu da armen nazioarteko salerosketa, 2002tik 2006ra bitarteko tartearekin alderatuta. Herritarren gerra ekonomia ez da herrialdeen gerraren ekonomiara iritsi.

Iazko nazioarteko armen salerosketen datuak bildu eta 2007-2011 artekoak eguneratu ditu SIPRIk, Bakearen Ikerketarako Stockholmeko Nazioarteko Institutuak. SIPRIk arma konbentzional astunen salerosketak aztertzen ditu, hau da, hegazkinak, itsasontziak, artilleria, kanoiak, ibilgailuak, metrailadoreak...

Bost arma ekoizle nagusiak Mendebaldeko herrialdeak dira: Ameriketako Estatu Batuak (AEB), Errusia, Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua. Lau armatik hiru haiek esportatzen dituzte. AEBen eta Errusiaren esportazioak batuz gero, bitik bat. Bost arma erosle handienak, berriz, Asiako herrialdeak dira: India, Hego Korea, Pakistan, Txina eta Singapur. Hiru armatik bat inportatzen dute. Indiak erosten du munduan saltzen diren hamar armatik bat.

Lau arma esportatzaile nagusiek nabarmen igo dituzte salmentak bost urteko aldi batetik bestera: AEBek %24, Errusiak %12, Alemaniak %37 eta Frantziak %12.

Azkeneko bi hamarkadetako armen salerosketa kontratu handiena iaz sinatu zuten. AEBek 84 F-15SG berri eta 70 F-15E berritu salduko dizkiote Saudi Arabiari.

Grezia Alemaniaren erosle

Grezia da Alemaniak ekoizten dituen arma konbentzionalen erosle nagusia. Frantziaren bigarrena. Alemaniak esportatzen dituen armen %13 erosi ditu 2007-2011 artean. Frantziak esportatutakoen %10.

Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak Grezia hainbat murrizketa egitera behartu dute gizarte zerbitzuetan, erreskateen truke. Gastu militarrean, baina, ez dute hain zorrotz jokatu. 2010ean, lehen erreskatea hitzartu zutenean, Grezia arma enpresekin sinatutako kontratuak betetzera behartu zuten. «Dirua uzten diegu, guri armak erosteko», esan zuen orduan Daniel Cohn Benditek, Europako Legebiltzarreko Berdeen diputatuak, herrialdeen hipokrisia salatzeko.

Hala ere, Greziak arma gastua jaitsi egin du, %18 SIPRIk aztertutako bost urteko bi aldien artean. Lehen, munduko laugarren inportatzailea zen, eta orain, berriz, hamargarrena.

Merkeagoa da armak norberak ekoiztea beste batzuei erostea baino, eta Asiako arma inportatzaile nagusiak arma industria indartzen ari direla uste du Pieter Wezemanek, SIPRIko ikertzaileak. Merkeagoa izateaz gain, negozioa ere bada.

Txina da horren adibidea. Txina izan zen armen inportatzaile nagusia 2002-2006 artean; 2007-2011 artean, berriz, laugarrena. Denbora horretan, gainera, %95 igo da Txinak esportatutako armen kopurua (munduko seigarren saltzailea da), batez ere Pakistani saldutako armengatik.

SIPRiren azterketaikusi nahi izanez gero:

www.sipri.org/publications/ SIPRIFS1203.pdf
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.