Portugalek hartzekodunekin dituen konpromisoak betetzeko arazoak izango dituela uste du Moody's-ek, litekeena dela bigarren erreskate bat behar izatea. Horregatik, haren zorraren kalifikazioa lau koska jaitsi eta zabor bonuen mailan utzi zuen herenegun. Erabakiak min egin die Europako Batasuneko erakundeei, min handia. Eta atzo sekulakoak eta bi entzun behar izan zituzten herrialdeen, finantza erakundeen eta enpresen kaudimen gaitasuna neurtzeaz arduratzen diren agentziek.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea aritu zen gogorren. Haren esanetan, jaitsiera justifikatzeko Moody'sek marrazten duen agertokia erabat eztabaidagarria da, pisuzko arrazoietan oinarritu gabea, ez dagoelako analisi hori egiteko moduko daturik. «Ondorioz, jaitsierak ez du Portugalen egoera argitzen laguntzen, kontrakoa, merkatuetako espekulazioa areagotzeko baino ez du balio».
Rating etxeei arinkeriaz eta merkatuaren interesen arabera jokatzea leporatu zien Durao Barrosok, eta euroguneko herrialdeen finantza egonkortasuna «ezkutuko interesen» arabera neurtzen dutela iradoki zuen. Arazoak dituzten euroguneko herrialdeen egoera bai, hori oso zorrotz neurtzen dutela nabarmendu zuen, baina finantza burbuilaren arriskuez ohartarazterako orduan ez zirela horren fin ibili.
«Kalifikazio agentziak merkatuko aktoreak baino ez dira; horrenbestez, merkatuan egiten diren akatsek eragina dute haiengan ere». Gainera, Durao Barrosoren ustetan, Europari ez dio mesederik egiten hiru kalifikazio agentzia nagusiak AEBetakoak izateak, «merkatuek oker balioetsi ditzaketelako espezifikoki Europakoak diren kontuak». Horiek hala, adierazi zuen Bruselak ez duela baztertzen Europako rating agentzia bat sortzeko ideia. Asmoa ez da berria, krisiak eztanda egin zuenetik behin baino gehiagotan jarri izan dutela mahai gainean. Oraingoz, ordea, ez dira gai izan ezer martxan jartzeko.
Amadeu Altafaj Europako Batzordeko ekonomia gaietarako bozeramaileak, berriz, kalifikazioa jaisteko Moody'sek aukeratu duen momentua kritikatu zuen gehien. «Portugal hasi besterik ez da egin nazioarteko bazkideekin hitzartutako murrizketa neurriak martxan jartzen, eta gobernuak esan du neurri osagarri gehiago hartuko dituela». Neurri horiek zer ondorio dituzten ikusteko denbora eman behar zaiola uste du Altafajek. «Herrialdearen gaineko presioa handitzeak kalte besterik ez dio egiten». Moody'sen ekintzak berriz ere kalifikazio agentzien jokabidea auzitan jarri duela uste du Europako Batzordeko bozeramaileak. «Sinesgarritasun terminoetan, erakunde publikoei egin behar genieke kasu, Europako Banku Zentralari eta Nazioarteko Diru Funtsari, haiek interes publikoaren mesederako lan egiten dutelako eta azterketa zehatzagoak eta independenteagoak egiten dituztelako».
Ildo beretik jo zuen Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak ere. Haren iritziz, «beharrezkoak dira agentzia horien boterea mugatzeko eta lehia areagotzeko neurriak».
Kritikak kritika, merkatuek kontuan izan zuten Moody'sen kalifikazio jaitsiera, eta Portugal ez zen gai izan aurreikusitako 1.000 milioi euroko zorra kolokatzeko. 848 milioi euroren bonuak saldu zituen, hiru hilabete barru itzultzeko, eta duela bi aste baino interes handiagoaren truke (%4,92).
Europako Batasuneko eta Nazioarteko Diru Funtseko ordezkariek osatutako talde bat, berriz, Irlandan da egunotan. Erreskatearen truke agindutakoa behar bezala betetzen ari dela egiaztatzera joan da taldea.
Gerra kalifikazio agentziei
Bruselak dio Portugalen zorraren kalifikazioa jaisteko Moody'sen arrazoiek funtsik ez dutela eta espekulazioa areagotuko dutelaEuropako Batzordeak ez du baztertzen Europako 'rating' agentzia bat sortzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu