Ibilbide luze baten garai txarrak eta onak gogoratu ditu Etxaidek.
Eta orain zer? Ez ote zara aspertuko?
Ez dut uste, kar-kar-kar. Lehen-lehenik, desintoxikatzeari helduko diot atseden tarte batez. Zuzendaritzan 21 urtez egon ondoren, bizitza normal bat edukitzeko gaitasuna nahiko kaltetua izango dut akaso... Gero, zuzendaritza berriaren zerbitzura jarriko naiz, eta gogotsu eutsiko diot estrategia feminista garatzeko ardurari. Esparru hori berritzeari ekin behar diogu; asmo handiko egitasmo bat daukagu: eskola feminista bat sortzea.
Motibatzen zaituen proiektuan egotea irabazi duzu, orduan...
Baietz uste dut; aukeratzeko eskubidea irabazi dut, bai.
Atzera begira jarrita: zein izan dira garairik zailenak idazkari nagusi zarenetik?
Hiru argazki dauzkat buruan: lehena, Guardia Zibila Igaran ikustea [LABen egoitza nagusia] Rafa (Diez) eta besteak bazeramatzatela; bigarrena, latzena, Igor Urrutikoetxea sindikatuko kidea eta laguna istripuz hil zenekoa; eta, hirugarrena, sektore arteko akordioaren porrotaren harira LABek jasan zuen egurrarena. Momentu beltza pasatu nuen orduan, eta lemari kosta ahala kosta eutsi behar niola esan nion neure buruari.
Ez dira bakarrik oroimen txarrak egongo; zein dira onenak?
Ardura utziko dudala esan eta gero jasotako esker mezuak. Lehenengo biltzarrean txaloak jasotzea, tira, oraindik ez duzu erabakirik hartu, eta normala da.
Babesturik ikusi duzula zeure burua, alegia.
Gertatu ahal ziren oker denak gertatu zaizkigula esan diet lankideei, eta onik atera garela; babestu eta maitatu nauen taldea izan dudalako iraun dut bederatzi urtez.
Aldatuko zenukeen erabakirik?
Bai, noski; gaur dakidanarekin, 2013ko egoera hura beste era batera kudeatuko nuen, beharbada.
Rafa Diezek eman zizun lekukoa 2008an, baina hark ezingo du ikusi bertatik bertara nola ematen duzun zuk lekuko hori.
Ba, ez dizut esango biltzarra berriz egingo dugula Rafa ateratzen denean, baina egon ginen aztertzen hura atzeratzea hura atera arte; baina ezin dugu kanpo faktoreen menpe bizi. Bidegabekeriak eragiten duen amorrua sentitzen dut. Rafak berak sorrarazi dituen zenbat egoera lapurtzen ari zaizkion pentsatzen dut. Rafa ere bada bederatzi urteotan gertatutakoaren protagonista.
«Gertatu ahal ziren oker guztiak gertatu zaizkigu, eta onik atera gara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu