Gestamp gidatzen segituko du Riberasek kapitalaren %30-35 burtsaratuta

Autoen osagarrien multinazionala 2017an aterako da burtsara. Euskal enpresa kotizatuenen artean kokatuko litzateke konpainia bizkaitarra

Francisco Riberas Gestampeko presidentea eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Zornotzan (Bizkaia). IIREKIA.
Jon Fernandez.
2016ko urriaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Burtsaratzeko data zehatzik ez, baina burtsaratzearen tamaina zehaztu du Gestamp multinazional bizkaitarrak: kapitalaren %30 eta %35 artean burtsaratuko dute, Riberas familiak konpainiaren gaineko kontrolik ez galtzeko. «Burtsara ateratzea ideia serio bat da, baina oraindik zehazteko xehetasunak daude», azaldu zuen atzo taldeko presidente Francisco Riberasek Zornotzako (Bizkaia) Boroa auzoan, GTI Gestamp Tecnology Instituteko trebakuntza teknologikoko ikasturte berriaren inaugurazio ekitaldian.

Autoentzako osagaiak sortzen dituen multinazionalak datorren urtean irtengo du burtsara, «ehuneko ehun prest dagoenean». Burtsako legediak behartzen ditu gutxienez kapitalaren %25arekin ateratzera, eta Riberas familiak erabaki du %30-35ekin irtetea. Horrela, konpainia gidatzen jarraitzea ziurtatu nahi du. Joan den irailean, Mitsui japoniarrak Gestampen akzioen %12,5 erosi zituen, eta Riberasek «epe luzerako bazkide estrategikotzat» jo du Mitsui. Baina datorren urteko burtsaratzearekin ez du kontrol gehiago galdu nahi: «Helburua markaren kontrolari epe luzean eustea da».

Joan den otsailean, hain zuzen, ArcelorMittalek Gestamp enpresan zituen akzioak (%35) erosi zizkion Riberas familiak 875 milioi euroren truke, kontrola erabat ziurtatuz. Halere, bien loturak jarraitzen du, Gonvarriren bidez.

Bi faktorek erabakiko dute noiz egin burtsaratzea: kotizazio konpainiei eskatzen zaizkien gobernu estandarretara egokitzeko behar duen denborak —administrazio kontseiluan independenteak izendatzea, kasurako—, eta finantza testuinguru egokia izateak. «Merkatuetan une aproposa izateak», alegia. Erabakitzeko daukate, halaber, akzioak soilik inbertitzaile instituzionalei saldu ala norbanakoei ere eskaini.

Gestampek 95 planta industrial ditu 20 herrialdetan, I+Grako hamabi zentro, eta guztira 33.000 behargin dauzka, 2.000 inguru Euskal Herriko zazpi planta produktibo, bi bulego eta I+G zentroan. Gainera, Rivabellosan (Araba) datorren urtean irekitzekoa den planta bat ari da eraikitzen. Iaz 7.035 milioi fakturatu zituen multinazionalak.

Hezkuntza duala

Behin burtsaratuta, euskal enpresa kotizatuenen artean egongo litzateke —BBVA, Iberdrola eta Gamesaren atzetik—, 2.500 miloi eta 3.328 milioi euro arteko balioarekin. ArcelorMittalek egindako salmentaren eta Mitsuiri egindakoaren proiekzioetan oinarritzen dira Gestampen balizko bi balio horiek, hurrenez hurren.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia egon ziren atzo Boroan, GTI zentroaren ikasturte hasiera ekitaldian. Bi-biek hezkuntza dualaren garrantzia nabarmendu zuten. Gestampek enpresarako «harrobi» bihurtu nahi du GTI zentroa: iaz jarri zuten martxan, eta dagoeneko 507 lagunek ikasi dute han. Lau ikasletik hiru Gestampeko langileak dira, eta ez direnen %95 Gestampen hasi dira beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.