Espainiako Poliziak Getariako (Gipuzkoa) Urki txakolindegiko zuzendaritzako lau kide eta langileburua atxilotu ditu, ustez paperik gabeko 29 etorkin kontratatzeagatik. 29 etorkinak ere atxilotu egin ditu. Poliziak herenegun egin zituen atxiloketak Getariako Askizu auzoko txakolindegian. Mahatsa biltzen ari ziren 50 langileri identifikatzeko eskatu zien. Guztira 35 agiri egin ditu, bizileku eta lan baimenik ez edukitzeagatik eta Gizarte Segurantzan izena ez emateagatik. Enpresako arduradunei langileen eskubideen eta atzerritarren kontrako delituak leporatzen dizkiete.
Espainiako Poliziako Atzerritarren Brigadak egin du operazioa, Gizarte Segurantzako Lan Ikuskaritzarekin batera. Albariño deitu diote operazioari.