Loli Garcia. Euskadiko CCOOko idazkari nagusia

«Gezurra da estatalizazioarena; ez dugu sustatzen»

CCOO sindikatuaren lerro posibilista indartu du Loli Garciak, erreformak erreforma, negoziazioaren aldeko mezu argiekin. «Patronal honekin ere»lan hitzarmenak egin behar direla dio.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Bilbo
2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Euskadiko CCOOko idazkari nagusi Loli Garciak (Barakaldo, 1968) ELAren eta LABen bizkar jarri du negoziazio kolektiboaren blokearen ardura handiena. Arabako eta Nafarroako itunen egoera Gipuzkoa eta Bizkaikoenekin alderatu du, erakusteko «CCOOren ardura diren sektoreetan itun gehienak egin direla». Garcia Kataluniatik iritsi berria dela hartu du Bilboko bere bulegoan BERRIA.

Urriaren 1eko erreferendumaren alde ala aurka dago Euskadiko CCOO?

Kataluniako CCOOren posizioa da gurea. Beren kongresuan agiri bat onartu zuten berme demokratikoen eta erabakitzeko eskubidearen inguruan. Guk ez dugu besterik esango.

Erantzun gabe erantzun duzu:badatorren erreferenduma egitearen alde ala aurka zaudete?

Katalunian gauza askok huts egin dute, politikak batez ere. Orain ez dago erreferendum bat egiteko behar den baldintzarik, eta Estatuaren ardura handia dago horretan. Baina Kataluniako politikak aldez aurreko lan bat egin behar zuen adostasunak lortzeko, eta ez du egin. Adostasunik gabe zaila da. Hau dena Kataluniako kontua da, hala ere; ezin da ekarri gurera, hemen oso baldintza desberdinak daudelako.

Hemen, Jaurlaritzak langile publikoen soldata %1 igo du. Zer diozu?

Irain baten modukoa da. Gobernuak negoziazio kolektiboa aktibatu behar du, baita funtzio publikoan ere, eta ez da hori egiten ari azken urteotan. Ez da tarterik egon ezer negoziatzeko. Langile publikoak zerbitzu sozialen oinarria dira, eta hiritarren oinarrizko eskubide asko zerbitzu horietan daude. Murrizketa guztiak lehengoratu eta erosteko ahalmen guztia berreskuratu behar da.

%3ra hazten ari gara, hirugarren urtez, eta soldatak ez dira erosteko ahalmena irabazten ari. Sindikatuek ez ote duzue beste koska bat igo behar mobilizazioetan?

Gurpil zorotik atera behar dugu, eta, horretarako, austerizidioaren politikak bukatu egin behar du. Nola? Gastuari ez, baina bilketarabideratutako politiken bidez. Hazten ari gara, baina lan erreforma onartu zen, eta hori da errealitatea orain.

Erreforma indarrean dagoen bitartean benetako aldaketa orokorra egin ote daiteke?

Patronalak dauka zartagina eskutik; oreka hautsi da, eta Euskadin, gainera, beste arazo batzuk daude.

Zeintzuk?

Sektoreko negoziazioa kolektiboa blokeaturik dago, eta horrek erabateko garrantzia dauka langileen babeserako. Katalunian, lan erreforma bera daukate, baina erkideko itunen esparru akordioa dute, eta langileen %86 da gaurkotutako itunen estaldura. Ba,Euskadin blokeoak aurrera jarraitzen du, eta erreforma iritsi aurretik hasi zen blokeo hori, ez ahaztu.

ELAri buruz ari zara?

Bai, batez ere ELAri buruz. Bere estrategia da enpresa mailako itunak egitea, soilik bere afiliatuen babesaren alde. LABek, berriz,gure negoziazio sektorialeko ereduaren antzekoa zuen, baina baztertu du, beste gauzatan hasteko.

Ze gauzatan?

ELArekiko ekintza batasunak indarrak beste alor batzuetan martxan jartzera darama, aurreko astean azaldu zituzten alorretan. Eta horrek bultzatu du LAB sektoreko negoziazio kolektiboa uztera, ELArekin talka ez egiteko.

Sindikatuak elkarri mokoka egoteak ez du ematen fruitu askorik eman duenik patronalarekin jokatu behar den partidan...

Errealitatea kontatzen ari naiz. CCOOk egin ahal zuen sektoreko negoziazio kolektiboa, egina dago gutxi gorabehera. Patronala eroso dagoela? Badakigu. Baina Araban negoziazioaren zatirik handiena desblokeaturik dago, eta soldata igoerak eta bestelako hobekuntzak lortu dira. Gipuzkoan, sekulako blokeoa dago; Bizkaian, blokeoa apaltzeko lanean ari gara.

Ematen du blokeoaren ardura handiena ELAren eta LABen bizkar utzi duzula. Sindikatu horiek zergatik ez lukete langileen baldintzak hobetu nahiko?

Euskadiko negoziazio kolektiboaren zenbakiak hor daude. Erreformaren aurreko zenbakiak ere bai.

Agian ez da sinatzea, zer sinatzen den baizik...

Horretarako mahaietara joan behar da. CCOOk egin dituen itunek hobekuntzak ekarri dituzte. Nahi genituzkeen guztiak? Ez, baina ekarri dituzte.

Edukiari buruzko iritzi bat edo beste ukan daiteke, eta horren arabera sinatu ala ez. Zilegi da, ezta?

Bai, noski, baina guk patronal honekin eta erreforma honekin itunak egin ditugu, soldata igoerekin eta hobekuntzekin.

ELAk eta LABek ere bai.

Oso gutxi. Gipuzkoan papergintzan bakarrik, adibidez.

Batzuetan enpresa batean sindikatu batek, bik, hiruk edota denek sinatzen dute, Arabako ardogintzan egin berri duzuen bezala. Ez al da normala hau dena?

Ez, ez, ez... ez da horrela. Datuak benetakoak dira, objektiboak. Langile gehien babestu behar duen sektoreko negoziazio kolektiboa blokeaturik dago: Bizkaiko metala, eraikuntza, bulegoak, Gipuzkoako metala... Papergintza kenduta, Gipuzkoan dena erorita dago. Hori da errealitatea.

Nafarroan ia dena sinatu duzue CCOOk eta UGTk, eta lan baldintzak okerragoak dira beste herrialdeekin alderatuta. Hori ere datuak dira.

Itun batzuk hobeak dira Nafarroan, eta batez bestekoa antzekoa da.

Hobeak dira soldata oinarriak ez direlako gaurkotu sektore handi batzuetan, ez orokorrean hobeak direlako, ezta?

Begira, ez naiz ari galderari izkin egiten ari, gure apustua argia da negoziazio kolektiboaren alde. Gutxieneko baldintzak bermatu behar ditu itun sektorialak, langile mordo batentzako delako. Enpresan hobetu behar dela? Ahal den bakoitzean, noski.

Eragin mugatuko itun bakarra egin duzue, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian haiek sustatzeko akordioa egin zenutenetik. Besteren bat iritsi daiteke?

Gure estrategia da eragin orokorrekoak egitea, baina, adibidez, Bizkaiko metalean, saiatzen ari gara negoziazioa berpizten; ELAk eta LABek ez dute eseri nahi ere, ordea.

Unai Sordo Madrilen dago orain CCOOren buru; itunen estatalizazioa bultzatzeari utziko bazeniote, ez al lirateke eseriko ELA eta LAB?

Hori ez da egia, ez da egia... Gezurra da estatalizazioa sustatzen ari garela. Estatuaren esparrua beti egon da hor. Zertarako sinatu dugu, ba, sektore arteko euskal esparru akordioa?

Zertarako sinatu duzue? Edukiontzi hutsa da oraingoz.

Jakina, arazoa da ez direla egin defenditu behar diren euskal itunak.

Euskal ostalaritzako esparru akordioaren aurkako inpugnazioa iragarri dute Madrilen; tartean, CCOOko ordezkariak. Epaitegira joko duzue?

Hori ere gezurra da. Inpugnazio hori soilik ELAk eta LABek iragarri dute, baina ez da jo epaitegietara; akordio hori ez da inpugnatuko.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaian jarraitu behar duzue? Argazkian ateratzeko soilik ez zaretela egongo esan duzue sarritan, baina ez da ikusi ganorazko emaitzarik orain arte.

Ez gaude dirua jasotzeko, batzuek esaten duten moduan, ez dugu euro bakarra jaso. Mahaian gaude negoziaziorako beste gune bat delako. Han ahalbidetu genuen patronala sektore arteko esparru akordioan sartzea, iazko uztailaren 22ko akordioaren ondoren.

Naval, Edesa, CEL, Xey, General Electric, Ingemar... Zer gertatzen ari zaio euskal oasiari?

Urik gabe geratzen ari dela. Industriak pisua galdu du azken urteotan, eta ez dira berreskuratu sektoreko enpleguak. Jaurlaritzaren industria politika ez da gardena; ez ditugu ezagutzen enpresei ematen zaizkien laguntzak, eta batzuetan handiak izan dira. Ez dakigu zein irizpiderekin erabakitzen den ematea edo ez, eta diru publiko horren erabilerari ez zaio behar bezalako arreta jartzen. Navalen kasua paradigmatikoa da. Jaurlaritzak eskuak garbitu ditu. Lan karga bazuen enpresa bat ixteko arriskuan dago, kudeaketa negargarria egin delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.