Gibelaldek laguntza gehiago nahi ditu enpresentzat

Adegiko presidente berriak zerga politika mesedegarriagoa, diru laguntzak eta azpiegiturak eskatu dizkie administrazioeiLopezek Gibelalderen eskaerak babestu ditu; Garitanok kontrako jarrera du

jakes goikoetxea
Donostia
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Adegik presidentea aldatu du, baina mezua, ez: enpresak dira Gipuzkoako aberastasunaren sortzaile nagusiak, eta erakundeek erraztasun eta babes handiagoa ematea nahi dute. Zerga politika mesedegarriagoak eta inbertsio publiko gehiago, azpiegituretan batez ere.

Pello Gibelaldek (Hine enpresakoa) hartu du Eduardo Zubiaurreren (JAZ Zubiaurre) lekukoa. Bera da Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteko presidente berria, hiru urterako. Atzo aukeratu zuten Adegiko bazkideek, Miramongo teknologia parkean egindako batzar nagusian. Gibelalde zen hautagai bakarra. Zubiaurrek sei urte egin ditu karguan.

Zubiaurreren hitzaldietako eta agerraldietako gidoia jarraitu zuen Gibelaldek: enpresaburuen lana goraipatu eta agerian uztea, eta enpresentzako lan baldintza hobeak eskatzea. Enpresek enplegua eta aberastasuna sortzen dutela nabarmendu zuen. Ongizatea sortzen dutela. «Ez da eslogana», jarraitu zuen, «errealitatea baizik». Haren iritziz, «guztiek» ikusten dute errealitate hori, «aurreiritzi ideologikoek itsututakoek salbu». Ez zuen zehaztu zeintzuk diren «itsututa» daudenak.

Adegiko presidenteak erakundearen ohiko eskaerak egin zituen: lan araudi malguagoa; zerga gutxiago; diru laguntzak prestakuntzarako, berrikuntzarako eta nazioartekotzeko; inbertsioak azpiegitura «lehiakorretan»; eta finantzaketa.

«Alegia», laburbildu zuen Gibelaldek, «enpresak politika publikoen bihotzean egotea, enpresei zangotraba egin ordez». Eskaera eta salaketa horiek egin zituenean ondo-ondoan zeuzkan Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia.

Gidoiaz gain, Gibelaldek Zubiaurrek erabilitako aipuak ere baliatu zituen lehen agerraldian. Winston Churchillen honako hau, esaterako: «Batzuentzat, enpresa pribatua jetzi beharreko behia da. Gutxiegirentzat da, ordea, gurdi sendo batetik tiratzen duen zaldi osasuntsua».

Horregatik, erakundeek, enpresak jetzi beharrean, enpresak mainatzea nahi du Gibelaldek, haiek direlako «gurditik tiratzen dutenak». Bestela, agian, etorkizunean behirik gabe geratuko dela ohartarazi zion Gibelaldek, aipatu ez bazuen ere, foru aldundiari.

Foru Aldundia, kontra

Adegik enpresentzako abantaila gehiago nahi ditu zerga politikan. Are gehiago ikusita Gipuzkoako Foru Aldundiak sozietate zerga berritu nahi duela, funtsean enpresei egungo hainbat pizgarri, onura eta kenkari kenduta. Enpresek gehiago ordaindu beharko dute.

Guztiz kontrakoa nahi du Adegik, zerga politika enpresei laguntzeko baliatzea, enpresetatik dirua bildu nahi izatea baino gehiago. «Ondasuna eta lanpostuak sortzeko eta, ondorioz, baita baliabide publiko nahikoak, iraunkorrak eta sendoak ere, ongizatea bermatzeko», zehaztu zuen Gibelaldek.

Azpiegiturei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta krisiak bazterrean utzi dituzte zenbait azpiegitura, handiak (Pasaiako kanpoko portua) eta txikiagoak (errepideak). Gibelalderen iritziz, baina, azpiegiturak funtsezkoak dira enpresentzat, eta berehala sortuko lituzkete aberastasuna eta enplegua. Inbertsioak egiteko eskatu zion foru aldundiari. Ez zuen zehaztu zein.

Lopezek bat egin zuen Adegiren eskaerekin. Garitanok, aldiz, Amaiurreko alderdien proposamen ekonomikoen alde egin zuen Adegiren ekitaldira joan aurretik: zerga politiken erreforma sakona egitea eta abian diren azpiegitura erraldoiak geratzea, 500 milioi euro gehiago biltzeko eta 500 milioi euro aurrezteko.

Atzoko Enpresaren Egunak, presidente aldaketaz gain, beste berrikuntza bat ere izan zuen, «historikoa», Gibelalderen hitzetan: 1977tik, Adegi sortu zenetik, lehena zela «ETAren zama astunik gabea». Gogoan izan zituen ETAk hildako enpresaburuak. Adegiko presidentearentzat, «bakea da inbertsiorik onena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.