Aurtengo aurrekontuarekin alderatuta Gipuzkoak 2016rako izango duen gastu kopurua "zertxobait handiagoa" izango dela esan du gaur Imanol Lasa foru bozeramaileak. 700 milioi eurotik gora baliatuko ditu Markel Olano jeltzalea ahaldun nagusi duen foru gobernuak hainbat ardatz garatu ahal izateko. Diputatu Kontseiluak zehaztu du jada aurrekontuen sail nagusiak zein izango diren, alegia, diru publikoa nola baliatuko duen.
Lasak zazpi ardatz nagusi aipatu ditu: lurraldeko ekonomia sustatu (50 milioi euro), gizarte politikei "eutsi", hiri hondakinen "kudeaketa egokia egin", garraio sistema publikoa garatu, errepide sarea hobetu eta finantziaketa bermatu, "Gipuzkoako biribilgunea barne hartuta", eta, azkenik, "gobernantza eredu berria ezarri".
Foru bozeramaileak aurreratu du Diputatu Kontseiluak egutegian ere urratsak egin dituela, eta urrirako aurrekontuak aurkeztea jasota dagoela egutegi horretan. Horiek horrela, San Tomaserako "etxeko lanak eginda" utzi nahi dituztela ere gaineratu du. Alegia, urtea bukatu aurretik aurrekontuak onartuak egotea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Halaber, aurrekontuak egiteko metodologia "eraldatzeko" ahalegin horri erreparatu dio "kudeaketa plana" aipatu duenean. "Planari esker, gipuzkoar guztiek jakin ahal izango dute zer eta nola egin nahi dugun, betetzen dugun ala ez, eta zer neurritan betetzen dugun. Beraz, ebaluaziorako trasna ere izango da".