Iaz bukatu egin ziren Gipuzkoako Diputazioak enpresak erreskatatzeko onartutako 11 milioi euroak, eta erakundeak erreskate plana berritu behar izan du aurten ere. Iaz bost enpresaren artean jaso zuten dirua, krisitik bizirik atera ahal izateko; aurten, oraingoz, Diputazioak laguntza eskaeraren bat badu. Aldatu egin du diru sailaren antolaketa, ez baitio diru mugarik jarri: milioi bat eurorekin abiatuko da, eta premien arabera handituko du.
Enpresen erreskate plana bakarrik ez, Gipuzkoako Diputazioak krisiaren kontrako plana berritu behar izan du. Atzo aurkeztu zuen. Iazko lau ardatzei eutsi die: errepideak (39,2 milioi euro), gizarte bazterketaren kontrako neurriak (14,8 milioi euro), laguntzak enpresei (27,8 milioi euro) eta inbertsioak zientzia, teknologia eta berrikuntzako azpiegituretan (18,1 milioi euro). Iazko planak ehun milioi euroko aurrekontua izan zuen. Atzo aurkeztutakoak ere bai, baina hiru urtean banatuta: aurten 68,3 milioi euro, datorren urtean 27,9 eta 2012an 0,3. Dena den, Markel Olano diputatu nagusiak eta Pello Gonzalez Ogasun diputatuak nabarmendu zuten diru sail guztiak handitu daitezkeela premien arabera.
Gipuzkoako Diputazioak bi astean, hau da, otsailaren hasieran, argitaratu nahi ditu laguntzen deialdiei buruzko dekretuak.
Enpresen diru sailean, dirutan emandako laguntzari gehitu egin behar zaizkio sozietate zergan emandako kenkariak, hau da, zergetan jasotzen ez den dirua: 83 milioi euro iazko planean.
Iaz bezala, aurten ere erreskate planeko laguntza jaso ahal izango duten enpresek bideragarriak izan behar dute. «Ez dugu nahi krisiagatik bide bazterrean enpresarik geratzea, beti ere proiektu eta produktu propioak baditu eta merkatura ateratzeko aukerak baditu», zehaztu zuen Gonzalezek.
Bideragarritasun plana
Laguntza jasotzeko enpresek bideragarritasun plan bat egin eta bete behar dute. Diputazioak enpresaren egoeraren «analisi zehatza» egiten du, eta, laguntza onartuz gero, egoeraren«jarraipen zorrotza».
Diputazioak babesa ematen die dirua lortzeko: alde batetik, finantza erakundeen maileguak eskuratzeko bermeak eskainiz; bestetik, partaidetza maileguen bidez. Partaidetza maileguen kasuan Diputazioak berak ematen dio mailegua enpresari, baina finantza erakundeek baino baldintza samurragoetan, eta gero dirua berreskuratzen du.
Iazko enpresen erreskate plana aurkeztu zutenean, Olanok eta Gonzalezek esan zuten dirua ez bukatzea espero zutela. Seinale ona litzateke. Baina diru guztia gastatu behar izan zuten erreferentziazko bost enpresari laguntzeko. Porrot eginez gero hainbat enpresa txikiren itxiera eragingo luketen enpresak dira.
«Gutxienez bostak lanean ari dira, duela lau edo bost hilabete baino egoera hobean, baina ezin dugu esan erabat ondo daudenik», onartu zuen Iñaki Ibarra Berrikuntza zuzendariak, laguntzek izan dituzten ondorioei buruz. Epe erdira eta luzera emandako laguntzak direla gehitu zuen.
Laguntza jaso duten enpresetako bat da Oiartzungo Ramon Vizcaino. Oraindik kolokan dago. Gizarte Segurantzak zorra atzeratzea baimentzen ez badio, Eusko Jaurlaritzak ez dio mailegurik emango, eta Jaurlaritzak ematen ez badio, ezta Kutxak eta AIAC inbertsio taldeak ere. Enpresak 400 langiletik ehun kaleratuko ditu.
Gipuzkoak ez dio diru mugarik jarri enpresak erreskatatzeko planari
Iaz bost enpresak eskatu behar izan zuten bizirik irauteko laguntza, eta aurten eskaeraren bat jaso du DiputazioakKrisiaren kontrako planak ehun milioi euro izango ditu datozen hiru urteetarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu