Gipuzkoako aurrekontuak

Gipuzkoak ez du zor berririk hartuko 2019an

Markel Olanoren gobernuak 875 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, iaz baino %2,22 handiagoa. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k salatu dute, ehunekotan, gutxiago bideratuko dutela gizarte politiketara.

Markel Olano Gipuzkako ahaldun nagusia eta Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatua, gaur, lurraldeko aurrekontu proiektuaren aurkezpenean. @MARKELOLANO
Iker Aranburu.
2018ko urriaren 30a
20:09
Entzun

"Etorkizunerako prestatzeko aurrekontua" da Gipuzkoako Aldundiarena. Batetik, estrategikotzat jotzen dituen arloak eta proiektuak diruz hornituko ditu. Gizarte politikak ia 390 milioi euro eramango ditu, iaz baino hamahiru milioi gehiago (+%3,4), eta hamabi milioi euro izango dituzte Etorkizuna Eraikiz-ek sustatzen dituen ekinaldiak —Ziur zibersegurtasun zentroak, Adinberri zahartzaroari buruzkoak, klima aldaketaren aurkako institutuak...—.

Baina etorkizunak noizbait krisi ekonomiko bat ekarriko duenez, ziklo ekonomikoaren aldaketarako prest egoteko hautua egin du Olanoren gobernuak. Horregatik, erabaki du aurten zor berririk ez jaulkitzea. "Haizea kontra jartzen denerako prestatu behar dugu, orduan finantza aldetik indartsu egoteko", azaldu du Jabier Larrañaga Ogasun diputatuak, gaur, Donostian. Horrenbestez, 527 milioi eurotik 478 milioira jaitsiko da Gipuzkoako Aldundiak berezkotzat jotzen duen zorra. 49 milioi gutxiago dira (-%9,3). Hor ez dira sartzen aldundiaren menpeko erakundeen zorrak. Bidegik, esaterako,  700 milioi euro inguru zor ditu.

Gizarte Politikaren departamenduak izango du aurrekonturik handiena, 390 milioi euro hain zuzen ere (+%3,4). Atal horretan egingo diren gastuei buruz zehaztasunik ez du eman nahi izan Olanok, baina helburu bat duela aldarrikatu du: «Gipuzkoa desberdinkeria sozial gutxien duen Europako lurraldeen artean kokatzea».

Bide Azpiegituren Departamenduaren aurrekontua ere nabarmen haziko da, 74 milioitik 82,3 milioira. Berritasun nagusia da zortzi milioi izango direla Mutriku eta Deba arteko errepidea hobetzeko.

Guztira 5.127 milioi euro igaroko dira Gipuzkoako Aldundiaren kontuetatik. Baina diru horren %17 baizik ez da berak gastatzeko (875 milioi horiek). 3.384 milioi dira Eusko Jaurlaritzari egiten dion ekarpena, 348 milioi kupoaren bidez Espainiako Gobernuari egiten diona, eta, azkenik, 518 milioi doaz Gipuzkoako udaletara.

EH Bildu eta Ahal Dugu-ren kritikak

EH Bilduri eta Ahal Dugu-ri ez zaie proposamena gustatu. Koalizio subiranistak salatu duenez, “aberatsenen ekarpena arindu eta langile eta kontsumitzaileen bizkar areagotu du zergen zama” Gipuzkoako Foru Aldundiak. “Ez die herritarren beharrei erantzuten”.

Diputazioko gobernuko taldeek proposatutako hainbat neurri nabarmendu ditu EH Bilduk: Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko zergak iazko aurreikuspena baino 10 milioi gutxiago jasoko dituela, gizarte politiken pisu erlatiboa aurreko legealdian baino 1,5 puntu baxuagoa dela, publizitate gastuak %14 igo dituztela...

Bide beretik jo du Ahal Dugu-k ere, eta larrituta agertu da, haien hitzetan, politika sozialentzako partidak “urtez urte jaisten” ari direlako: “Are larriagoa da diru bilketa hazi denean”. Izan ere, azaldu dutenez, ehunekoak kontuan hartuz gero behera egin du politika horietara bideratutakoak: %44,6 bideratu da aurten — %44,7 zen iaz, eta %46,7 “aurreko urteetan”; EH Bilduk zehaztu duenez, 2015ean %48,2 bideratu zen gizarte politiketara—.

Hala, PSEri zuzendu zaio Ahal Dugu, “Gipuzkoako hiritarren bizimodua hobetzeko aliantza aurrerakoiak bilatu” ditzan. EH Bilduk, berriz, jakinarazi du proposamena “zuzentzen eta hobetzen” saiatuko direla.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.