Gizarte laguntzak

Gipuzkoak gizarteratze laguntza aldatu nahi du, etorkinak erakartzen dituelakoan

DBLak "ez ditu hasierako helburuak betetzen", ziurtatu du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak.

Iker Aranburu.
2016ko martxoaren 21a
12:16
Entzun

Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL) 2012an sortu zuen Gipuzkoako Aldundiak, Bilduren esku zegoela, Eusko Legebiltzarrak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko baldintzak gogortu ondoren. PSE, PP eta EAJren botoekin, bi aldaketa nagusi egin zituen Gasteizko legebiltzarrak: DBSEa enplegu politikara eta Lanbidera lotzea, eta laguntza hori jaso ahal izateko gutxieneko erroldatzea urtebetetik hiru urtera luzatzea. Batez ere azken baldintza horrengatik laguntza galdu behar zutenentzat DBL eratu zuen Gipuzkoako Aldundiak. 

Jon Iribar Gizarte Politikako plangintzako zerbitzuburuak gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan emandako datuen arabera, 1.422 lagunek jasotzen dute laguntza hori. Gehienak gizonezko gazteak dira, 23 eta 35 urte artekoak, eta familia kargarik gabeak. Batez beste 706 euro kobratzen dituzte. Aldundiak 11 milioi euro gastatzen ditu laguntza horretan.

Iribarrek ziurtatu duenez, DBLk  "dei efektua" eragiten du. Hau da, etorkinak espresuki joaten dira Gipuzkoara laguntza hori jasotzeko. Hori argudiatzeko dio DBL onuradunen eta Gipuzkoan dagoen immigrazioaren argazkiak ez datozela bat. Bi arrazoirengatik: batetik, DBLren onuradunak herri zehatz batzuetan gehiago pilatzen direlako eta, bestetik, ez direlako Gipuzkoan ohikoagoak diren jatorrikoak. Batez ere afrikarrak (%44,2) eta asiarrak (%37,6) dira. Europarrak %9,5 dira, lurraldeko etorkinen %33,3 izan arren, eta amerikarrak %8,6, etorkinen %37,6 izan arren.

"Behar berriak sortzen ditu"

Iribarrek onartu du laguntzak "esku bat botatzen" diela beste diru-sarrerarik ez dutenei, baina uste du ez duela gizarteratzeko premiarik betetzen, diru-laguntza hutsa baita, bestelako bitartekorik gabe.

Txostena oinarri hartuta, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak ziurtatu duenez, "laguntzak ez ditu gizarte helburuak lortzen, ez ditu premiak asetzen eta behar berriak sortzen ditu gainera". Premian daudenak bazterrean uzteko asmorik ez dutela aldarrikatu du diputatuak, baina diru publikoa "arduraz eta modu eraginkorrean" erabili behar denez, DBL erreformatzeko asmoa azaldu du. Bilera sorta bat hasiko dute alderdi politikoekin, udalekin eta hirugarren sektoreko ordezkariekin haien iritzia eta proposamenak jasotzeko. 

EH Bilduren haserrea

EH Bilduren aldetik, behintzat, ez du harrera onik jasoko. "Aldundia laguntza sozialen kontrako desprestigio kanpaina garbia egiten ari da, eta, horrekin, familia pobreen eta etorkinen aurkako klima sortzen ari da iritzi publikoan", erantzun dio Ernesto Merino koalizio independentistako batzarkideak Peñari. Haren iritziz "oso arriskutsua" da aldundiaren jarrera eta DBL  kenduko balu, pobrezia handituko dela ziurtatu du.

Iribarrek aurkeztutako txostena "politikoa da, ez teknikoa", Merinoren ustez, estrategia politiko baten barruan dago. "DBLa kentzearen erabakia aspalditik hartuta dauka eskuin abertzaleak, baina hipokresia ondo administratzen jakin behar da".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.