Gipuzkoak hobera egingo du, igo egin direlako industriako eskaerak

Ekonomiaren hobekuntza urtearen bigarren erdian nabarituko da, bai enpleguan, bai produkzioan, Adegiren araberaSoldaten igoerak produktibitatearen araberakoa izan behar duela uste du

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Aurtengoa aurreko bi urteak baino hobea izango da Gipuzkoako ekonomiarentzat. Bada zerbait, baina gutxi, aurreko urteen balantzea ikusita: 2009a «historikoki apala eta ekonomikoki txarra» izan zen, eta 2010a «etsigarria», Adegiren hitzetan. Hobekuntza bigarren erdian nabarituko da batez ere, bai produkzioan, bai enpleguan, industriaren eskaeren gorakada orduan nabarituko baita. Halako aurreikuspenetan beti ageri diren mamuak ahaztu gabe: «zalantzak» eta «arriskuak».

Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak iazko emaitzak eta aurtengo aurreikuspenak aurkeztu zituen atzo. Datuak inkesta baten bidez eskuratu ditu, abenduan, hamar langile baino gehiago dituzten enpresen artean.

Iazko azken hiruhilekoan hobekuntza berretsi da. Salmentak %3 igo ziren, esportazioei esker batez ere, atzerriko merkatuetako fakturazioak batez beste %9,2 egin baitzuen gora, aurreko hilabeteetako igoeraren bikoitza. Gaur egun ezinbestekoa da esportatzea: salmentak hobetu dituzten lau enpresatik hiru esportatzaileak dira, eta salmentak gutxitu dituztenen erdiek ez dute esportatzen.

Eskaera kopurua %6 handitu zen iaz, industrian batez ere, eta industriaren barruan ekipamendu ondasunetan: makina-erremintaren sektoreko eskaerak bikoiztu egin ziren. Baina makina horiek egiteko prozesua luzeaizan ohi da, eta eskaera kopuruaren igoera urtearen bigarren erdian nabarituko da. Sektoreak Gipuzkoako ekonomian duen pisuari esker Gipuzkoa beranduago sartu zen krisian, baina beranduago aterako da orain. Adegik barne produktu gordina %1 handitzea espero du, Espainiakoa baino hamarren bat gehiago soilik.

Enpresak, batez beste, produkzio gaitasunaren %75,8 erabiltzen ari dira, 2009an baino sei puntu gehiago. Alde handiak daude enpresen artean. Hamar enpresatik bat ari da produkzio betean.

Hiru enpresatik batek baino gutxiagok langile gehiegi dituztela diote. Hala ere, langileak kaleratzeko asmoa dutenak enpresen %15 dira, langile gehiegi dituztela diotenen erdiak. Eduardo Zubiaurre Adegiko presidentearen iritziz, horrek erakusten du enpresek langileei eusteko duten konpromisoa. Urtearen lehen erdian ez dela enplegurik galduko eta bigarren erdian enplegua sortzen hasiko dela uste du Adegik.

Alemania eredu

Ohi bezala, Adegik malgutasunaren, produktibitatearen eta kostuak murriztearen aldeko apustua egin zuen atzo. Zubiaurrek eta Jose Miguel Aiertza idazkari nagusiak Alemania jarri zuten eredu gisa; besteak beste, Gipuzkoaren antzeko produkzio egitura duelako. Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren proposamena babestu zuten, soldatak produktibitatearen arabera igotzeko, ez inflazioaren arabera.

«Kostuak produktibitatea baino gehiago handitzen ari dira, eta, beraz, lehiakortasuna galtzen ari gara», esan zuen Zubiaurrek. Ondorioz, zehaztu zuen, enpresek langileak kaleratuz egin dituzte kostu murrizketak.

Malgutasun tresnak eskatu zituen Aiertzak. Lege berriak, funtsean. Alemanian bezala. «Han erreakzionatu dute, latzak pasatu dituztelako, eta sendotuta atera dira krisitik. Hemen ez». Nahi duten malgutasunaren adibide bat eman zuen, Alemaniakoa. Zailtasunak dituzten enpresetan langileei ordutegiak eta soldatak murrizten dizkiete, baina estatuak ordaintzen die galtzen duten soldataren zati bat. «Enpresa jarduera gutxiko egoerara moldatzen da, langileak kaleratu gabe eta langileen eskarmentua galdu gabe», esan zuen Aiertzak. «Enpresek hori eskatzen digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.