Aurreko urtean baino diru gehiago lortu zuten iaz diputazioek zergen bidez, baina ez dute lortu espero zuten igoera. Arabak soilik hautsi ditu aurreikuspenak,: 1.722,4 milioi eskuratu zituen, 2013an baino %5,6 gehiago, eta aurrekontuak prestatzeko kalkulatuta baino 30 milioi gehiago.
Aurreikuspena betetzetik oso gertu geratu da Gipuzkoako Foru Aldundia. Hazkundea %5,5ekoa izango zela kalkulatu zuen, eta %5,4ean geratu da. 2014ko aurrekontuaren betetze maila %99,4ra heldu da. Arazoa, Ogasunaren arabera, Estatuarekiko doiketak uste baino handiagoak izan direla, %6,7 hazi direlako. Horiek kontuan hartu gabe, betetze maila %99,9koa izan zitekeen.
Helburuak betetzetik pixka bat urrunago geratu zen Bizkaia. : 6,483,6 milioi euro bildu zituen, 2013an baino 260 milioi gehiago, baina kalkulatu zuena baino 63,7 milioi gutxiago.
Beste bi lurraldeetan bezala, Gipuzkoan ere zeharkako zergek bilakaera hobea izan dute (+%9,1) zuzenekoek baino (%2,3). Zerga nagusien artean, BEZaren bilketa garbia %13,4 hazi da, eta %3, berriz, errenta zerga.
Sozietate zergaren beherakada (-%8,7) osorik lepora dakioke Repinves kasuari. Auzitegiek aginduta Kutxari 21,9 milioi euro itzuli behar izan zizkion ogasunak, 28,8 milioi interesak zenbatuz gero. Horren ondorioz —eta 2013an Gipuzkoako enpresek aitortutako irabazi kaskarren ondorioz ere—, 22,5 milioi gutxiago jaso ditu Gipuzkoak zerga horretan.
Bilakaerarik onena, edonola ere, Gipuzkoak soilik duen zergak eman du, aberastasunaren gaineko zergak, alegia. Aurreko urtean ondare zergak baino 16,3 milioi gehiago eman ditu zerga horrek (+%33,5).