Ondarearen gaineko zergari berriro heldu eta diru bilketan uste baino emaitza hobeak izan ondoren, Gipuzkoako Aldundiak beste pauso bat eman nahi du gehien daukatenei gehiago eskatzeko politikan. Horretarako, aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga ezarri nahi du, pertsona fisikoen aberastasuna zergapetzeko. Urtean 700.000 euroren baino gehiagoren aberastasunak dituztenei eragingo die zerga berriak, eta, aldundiaren aurreikuspenaren arabera, 6.000 laguni eragingo die (PFEZ errenta zerga ordaintzen dutenen %1,5).
Zerga horrekin, aldundiak iaz ondarearen gaineko zergarekin bildutakoa baino zazpi milioi euro gehiago (%20) jasotzea espero du —35,5 milioi euro jaso zituzten—. Hala jakinarazi zuen atzo Itziar Miner Zerga Politikako zuzendariak. Zerga indarrean jarri aurretik, ordea, Batzar Nagusien onarpena beharko du aldundiak. Aurretik PFEZ eta ondarearen gaineko zerga ezarri ahal izateko PSE-EEren babesa izan zuen. Aurrera aterako balitz, 2013tik aurrera ezarriko lukete zerga.
Ondarearen gaineko zerga ordezkatuko luke zerga berriak, baina hainbat salbuespen aldatu egingo lirateke. Batzuk ezabatu, eta beste batzuk ezarri. Ohiko etxebizitzagatik 300.000 euroko salbuespena mantendu egingo dute, eta gizarteari edo ingurumenari «on» egiten dioten banako baten jabetzak edo horren erabilerak ere salbuespen gisa hartuko dira aurrerantzean. Enpresen akzioek zuten salbuespena %75eko hobariarekin ordezkatuko da, eta kuota osoaren gaineko muga ere desagertu egingo da.Minerrek gogorarazi du azken neurri horrekin tarifak «ondare errealaren arabera» aplikatuko direla.
Frantzia adibide
Zergak lau tarte izango ditu. %0,25etik %1era doaz. Gutxieneko tasak 3.000 laguni eragingo die; gehienekoak, berriz, 400 laguni—hiru milioi eurotik gorako oinarri likidagarriarekin—. Zuzeneko zerga izango da, izaera pertsonalekoa, eta, beraz, pertsona batek jabetzan dituen gauza guztiak hartuko dira kontuan: higiezinak, ondasunak, akzioak, partaidetzak, bitxiak, artelanak... «Uste dugu aberastasuna ahalmen ekonomikoaren adierazle bat dela, eta hori zergapetu nahi dugu zerga honen bidez», adierazi du Helena Franco Ogasun diputatuak.
Ahalmen handiena dutenei ahalegin handiagoa eskatzeko bidean, ondarearen gaineko zerga jarri zuen berriz Gipuzkoako Aldundiak —2008an kendu zuen aurreko gobernuak—. Araban eta Bizkaian ere berriro jarri dute, zenbait aldaketarekin.
Norvegia, Islandia eta Frantzia jarri ditu adibidetzat Francokaberatsenen irabaziei zerga bat ezarri dietenen artean. Frantzian, hain zuzen, François Hollande presidenteak duela egun gutxi baieztatu zuen aberatsei %75eko tasa ezarriko diela errenta zergan, hurrengo bi urteotarako bederen. Berez, %67koa ezarriko diete, eta pagatzen dituzten beste zergekin helduko dira %75era. Zerga hori 2.000-3.000 lagunek ordaindu beharko dute, 2013. eta 2014. urteetan. Erabaki horrek ez du askoz diru bilketa handiagoa ekarriko, baina, Hollandek berak onartu duenez, neurri hori hartzea «eredu» izateko modua da, «ekintza sinbolikoa».
BEZaren eztabaida
Asteazkenean Batzar Nagusietan BEZaren igoeraren inguruan izandako eztabaidaren ondotik, Francok argitu du ez dakitela oraindik Gipuzkoan zergaren zein tasa ezarriko den. Bilduk eta EAJk BEZaren igoera aplikatzeko foru dekretuaren aurka bozkatu zuten; PSE-EE, berriz, abstenitu egin zen. «Batzarretako legelariak aztertzen ari dira egoera; ikusi beharko da zein eragin izango duen dekretua ez onartzeak», adierazi du. Legelariek azterketa egin ondoren, aldundiak egoeraren gaineko informazioa eta horren inguruan duen jarrera jakinaraziko ditu.
Gipuzkoak zerga berri bat jarri nahi die lurraldeko 6.000 aberatsenei
700.000 eurotik gorako aberastasuna dutenei eragingo die, eta ondarearen zerga ordezkatuko du eta kontrola areagotukoBatzar Nagusietan Bilduk beste norbaiten babesa lortu beharko du neurria onartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu