Gipuzkoako Foru Aldundiak iruzur fiskalaren kontra egiteko proposatutako tresna berriak lege aholkularitza batzordearen oniritzia jaso du. Arrisku bereziko zergadunen errolda sortu nahi du diputazioak, eta sei legelarik sinatutako txostenak begi onez ikusi du. Errolda hori sortzea "egokia" da iruzur fiskalari aurre egiteko legelarien arabera, "bereziki bizi dugun egoera ekonomiko honetan". Xabier Olano Ogasuneko foru zuzendariak iragarri du, lege aholkularitza batzordearen bermea jaso ostean, datorren asteartean onartuko duela arau proiektua diputatuen kontseiluak. Jarraian Batzar Nagusietara eramango dute, han "ahal bezain azkar" onartzeko. Datorren urte hasierarako araua indarrean egotea espero du Olanok.
Joan den maiatzean aurkeztu zuen foru arau proiektua diputazioak, baina oposizioko alderdiek ez zioten harrera onik egin. PSEren ekimenez, lege aholkularitzarako batzordearen txostena eskatu zioten Batzar Nagusiek diputazioari. "Maiatzetik gaur arte denbora asko pasa da eta orain presazko prozedura zabaltzeko eskatuko dugu Batzar Nagusietan araua onartzeko, errolda hau tresna eraginkorarra izango delako iruzurraren aurkako borrokan". Ogasuneko foru zuzendariak nabarmendu du, gainera, txostenean bi iradokizun tekniko egin dituztela lege aholkulariek eta diputazioak arau proiektuan txertatu dituela bi ekarpenak. "Berme guztiak beteta daude. Onartzea eta iruzurraren kontrako trensa eraginkorra bihurtzea besterik ez da falta. Ez dut uste onarpenerako arazo handirik egongo denik".
"Bide onean doan tresna egokia" da errolda lege aholkularitza batzordearentzat, baina iragarri du ez duela iruzur osoa ezabatuko. Olanok joan den irailean azaldu zuenez, guztira hiru milioi euroko iruzurra antzeman du diputazioak Gipuzkoan.
Bestetik, Gipuzkoako zerga bilketa iazkoarekin alderatuta irailean %2'1 jaitsi dela aitortu arren, bi adierazle positibo azpimarratu ditu Olanok. "Zuzeneko zergetan gora egin du Gipuzkoak, bi arrazoigatik: batetik, ondarearen zergak eragina izan duelako, eta bestetik, langileen errenta atxikipenak mantendu egin direlako eta goranzko joera dutelako. Azken hori ez da gertatzen ez Araban, ez Bizkaian eta ez Nafarroan".