Krisiari aurre egiteko 2011ko planaren baitan, enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten 216 proiektu diruz lagunduko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.Orotara, 11,1 milioi euro banatuko ditu, eta diru horrekin, 352 gazte kontratatzen lagunduko du.
Hiru esparrutako proiektuak finantzatuko ditu Diputazioak: enpresen lehiakortasuna hobetzeko hausnarketara bideratuak; Sendotuz programaren baitan enpresaren balioak hobetzera bideratuak; eta berrikuntzara eta gazte kualifikatuak kontratatzera bideratuak.
Azken atal horretara aurkeztu dituzte proiektu gehien —534tik 319 —, eta atal horretakoak izango dira diruz lagunduko dituen proiekturik gehienak ere —216tik 149—.Proiektu horiek 28,3 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dute, bai eta 352 gazte kualifikatu kontratatzea ere: bederatzi doktore, 194 lizentziatu, 66 erdi mailako tituludun eta goi mailako zikloak egindako beste 83 lagun. Diputazioak ia 9,4 milioi eurorekin lagunduko ditu proiektu horiek. Enpresen lehiakortasuna hobetzeko 44 hausnarketa proiekturen artean, berriz, milioi bat euro banatuko du. Eta enpresen balioak hobetzea helburu duten 23 proiekturen artean beste 750.000 euro.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jose Ramon Guridi Berrikuntza diputatua pozik azaldu dira krisiaren kontrako planaren emaitzekin, Diputazioak 1,9 milioi gutxiago banatuagatik, jende gehiago kontratatuko delako. Jakinarazi dute, gainera, datozen hilabeteetan laguntza gehiago banatzeko asmoa dutela, enpresen nazioartekotzea helburu duten 70 proiektu eta zientzia eta teknologia sareari dagozkion beste 153 aztertzen ari direlako.
Bizkaian ere laguntzak
Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, beren negozioak hobetzen lagundu nahi die herrialdeko autonomoei. Horretarako, akordio bat egin du Bizkaiko bederatzi banku eta aurrezki kutxekin, eta konpromisoa hartu du autonomoek beren negozioak hobetzeko eskatzen dituzten kredituen %4 bere gain hartzeko.
Gipuzkoako Diputazioak 11,1 milioi eurorekin 216 proiekturi lagunduko die
Krisiari aurre egiteko laguntzei esker, 352 gazte kualifikatu kontratatu ahal izango dituzte enpresek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu