Gipuzkoako Foru Aldundiak "helburu estrategikotzat" jo du iruzur fiskalaren kontrako jarduera, eta Jabier Larrañaga Foru Ogasun diputatuak iragarri duenez, "apustu eta esfortzu nabarmena" egitera doa eremu horretako giza baliabideak indartzeko. Aurtengo legealdian 45 langile berri hartuko ditu aldundiak zerga ihesaren aurkako borroka sendotzeko. Horietatik hamahiru aurten bertan kontratatuko dituzte.
Iruzurraren aurkako "neurri zehatzak" aurkeztu ditu Larrañagak, eta iragarri du 45 langile gehiago hartzeaz gain, lan poltsak abian jarri direla erretiroa hartzen duten lengileak ordezkatzeko ere. "2006. urtetik lehenengoz, gutxienez hamabost teknikari plaza izango dituen LPE Lan eskaintza publikoa iragarri da". Hiru ekimen horiekin Ogasuneko lan taldea epe luzera "sendotu eta egonkortu" nahi dutela azaldu du Jokin Perona Ogasuneko zuzendari nagusiak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean.
Lau ardatzeko plana
2016rako Zerga Egiaztapenerako Plana aurkeztu dute Larrañagak eta Peronak, eta lau ardatz ditu. Lehena, iruzurra saihestu eta jarraitzea. Horretarako, kutxa erregistratzaileen kontrol sistema ezartzeko lehen pausoak emango dira. "Multinazionalen arloan, erakunde horiek zergak ekiditeko erabiltzen dituzten estrategiei aurre egin ahal izateko OCDEren BEPS[1] proiektua bultzatuko da".
Bigarren zutabea giza baliabideen eta materialen hobekuntza litzateke, eta hor kokatu ditu aldundiak aipatutako kontratazio berriak.
Hirugarren ardatza, herritarrekin harremanak hobetzea da, bide elektronikoen norabidean sakonduz: "Apirilaren 1etik aurrera, lurraldeko subjektu juridiko gehienek bide elektronikoak bakarrik erabil ditzakete Foru Otgasunarekin duten harremanean, eta helburua zerbitzu telematiko hauek esparru gehiagotara hedatzen joatea da".
Planaren laugarren hanka informazioaren tratamenduaren eta trukaketen hobekuntza da. Lurraldeko udalerrien %95 baino gehiagorekin berritu dira datu trukaketa hitzarmenak, eta arlo informatikoan Big Data teknologien ezarpena eta erabilera areagotuko da. Datu kantitate itzelak kudeatzea ahalbidetzen dute tresna horiek, eta informazioa parekatzea errazten du, "oinarrizko ariketa iruzur fiskalaren aurkako jardueran".
Neurri zehatzez gain, zerga iruzurraren gaineko pedagoia eta kontzientziazioa lantzea ere ezinbestekoa da Larrañagaren aburuz. "Gizarte bezala, barneratu beharra daukagu iruzurragatik galtzen dugun euro bakoitza erietxeei, ikastolei edota gure adinduen zaintzari kentzen diogun euroa dela", nabarmendu du foru diputatuak. "Kontzientziazioa ezinbestekoa dgu, gizarte aurreratua izan nahi badugu behintzat".