Sindikatuak

Gipuzkoako EHNEren ildoa aldatu nahi du baserritar talde batek, "egungoa agortuta dagoelako"

"Nekazaritza burujabe eta ekoizle txiki askoren aldeko sindikatua" nahi du baserritar talde esanguratsu horrek. Maite Aristegi EHNEko idazkari ohia, eta Iñaki Lazarobaster zein Marije Intxausti, biak ala biak EHNEko Gipuzkoako lehendakari izandakoak daude, besteak beste, sindikatuaren «eraldatzea» galdegiten duen taldearen barruan. 

xabier martin
2013ko ekainaren 4a
17:26
Entzun

Gipuzkoako EHNE Euskal Herriko nekazarien sindikatua bidegurutzean dago. Sindikatuko nekazari talde esanguratsu batek «urgentziazko kongresua» eskatu du Donostian, "sindikatuaren egungo egitura agortuta" dagoelakoan, eta nekazaritza sindikalgintzaren inguruan "eztabaida zein hausnarketa sakona" haspotu nahian. "Egoera oso larria da", esan dute.
Maite Aristegi EHNEko idazkari ohia, eta Iñaki Lazarobaster zein Marije Intxausti, biak ala biak EHNEko Gipuzkoako lehendakari izandakoak daude, besteak beste, sindikatuaren "eraldatzea" galdegiten duen taldearen barruan. "Eskuineko politikek bultzatua lehen sektorearen urteetako gainbehera dela batetik, eta sektoreak berak daraman bilakaera dela bestetik, EHNEk ez du asmatu aldaketara egokitzen", azaldu du Joxi Azpillaga Errezilgo nekazariak. Hala, Gipuzkoako EHNE ez da gai izan "sektorera datozen aktibo berriak erakartzeko". Horregatik, dagoen moduan sindikatuaren egiturak «ez du balio gaur egun nekazaritzaren defentsan aritzeko». Gipuzkoako EHENk 1.200 afiliatu ditu.
EHNEko zuzendaritzako sei kidek dimisioa eman dute azken hilabeteetan irizpide desberdintasunak eraginda. Hamaika kideetatik lau besterik ez dira geratzen zuzendaritzan (batek ez du parte hartzen). Azpillagak dionez, "ez dago quorumik oraintxe inolako erabakirik hartzeko". Zuzendaritzak «lehenbailehen» kongresua deitzea nahi du eredu aldaketa sustatzen duen baserritar taldeak. Kontua da gazteek sektorera dakartzaten "ildo eta jarduera berriak" babesteko gai bihurtzea nekazarien sindikatua. Jarrerak hurbiltzea benetan zaila ematen du, ordea, Gipuzkoako EHNEk ohar batean gogorarazi baitu Donostiako prentsaurrekoa ez duela EHNEk deitu, "pertsona jakin batzuk beren izenean baizik".

Gatazkak gainditu ezinik
Egungo Gipuzkoako EHNEren zuzendaritzak kongresua deituko ez balu, antolakuntza berri bat egiteko aukerarik ikusten ote duten galdetuta, ezezkoa da eredu aldaketaren aldekoen erantzuna. Ez da "eszisioa" planteatzen ari, baina  "nekazaritza iraunkorra eta lurrari oso lotutako baserritar txiki askoren sindikatua" nahi dute, une honetan Gipuzkoako EHNEren barruan ez baitira denak interes berberak defendatzen ari. Ekoizle handiagoen interesak ez datoz bat "nekazaritza burujabe, iraunkor eta baserritar txikien interesekin".
Eta hor dago gakoa. "Probintzialismoa gainditu", eta egitura berrietara jo nahi dute Gipuzkoako baserritar horiek, herrialde guztiak kontuan hartuz. Azken urteotako ildo berritzailearen ordezkarien interesak ez ditu babesten behar bezala sindikatuak, "aurreko egoeraren inertziaz jokatu delako" EHNEren barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.