Urte erdian egindako aurreikuspenetik gora haziko da azkenean Gipuzkoako ekonomia aurten, %2,2 inguru, atzo lurralde horretako Merkataritza Ganberak iragarri zuenez. 2004rako baikorrago dago Ganbera, %3ko hazkuntza espero baitu.
Jose Maria Etxarri Ganberako presidenteak onartu zuen 2003rako aurreikuspenetan bi aldiz huts egin dutela: urte hasieran %2,5eko hazkuntza iragarri zuten, eta iragan ekainean %1,6. Etxarrik ziurtatu zuen aurten industria pattal aritu eta eskaerak gutxitu egin direla, baina urteko bigarren erdian suspertzea gertatu dela aipatu zuen. Hori dela eta, datorren urtean industriaren «dinamismoa»izango da ekonomiaren motorretako bat, «higiezinen ustezko burbuila gora behera» moteltzeko zantzurik ematen ez duen eraikuntzarekin batera. Euroaren indartzeak, sektore gehienetan, kalterik egin ez duela azaldu zuen Etxarrik, besteak beste, Gipuzkoako esportazioen %70 Europako Batasunera doazelako. 2004an kanpoko merkatu horiek hobeto arituko direla iragarri zuen. Gauzak horrela, Ganberak espero du aurtengo etenaldiaren ondoren 2004an berriro enplegua sortuko dela.
Helburuak
Datorren urtean, Gipuzkoako Ganberak 6,95 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten %3,5 baino gehiago. Horretatik erdia enpresa bazkideen ekarpenek osatuko dute, eta beste erdia Ganberak Gipuzkoako enpresa eta merkatariei ematen dien zerbitzuen truke eskuratuko dute. Gastuaren %42,7 atzerrira irten nahi duten enpresei laguntzeko baliatuko dira, gaur egungo 830 enpresa esportatzaileetatik 900era igotzeko asmoz. Beste %37,4 enpresetak arduradunen trebakuntzarako erabiliko dute.
Interneten eta beste teknologia berrien bidez, zerbitzu horiek «enpresak dauden lekuetara» iristeko eginahala egingo du Ganberak. Gainera, arloko enpresekin elkarlanean, aholkularitza zerbitzu berria zabalduko du laguntza behar duten enpresentzat.Ganberak espero du 2004koazarorako prest izango duela egoitza berria, Benta Berrin.Felix Iraola Ganberako idazkari nagusiak berretsi egin zuen Abiadura Handiko Trena «ezinbestekoa» dela, «bestela Europako garapen ardatzetatik kanpo geratuko garelako». Pasaiako portuaren handitzea ere «ezinbestekoa» zela gaineratu zuen.
GIPUZKOAKO MERKATARITZA GANBERA
Gipuzkoako ekonomia %2,2 hazi da aurten, uste baino gehiago
Industria suspertzeari esker, %3ko hazkuntza espero du 2004an @:
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu