Ekonomia moteltzeak ez die modu berean eragiten sektore eta enpresa guztiei. Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren arabera, nazioartera gutxien zabaldu direnei eta eraikuntzarekin lotura estuena dutenei eragiten ari da batez ere. Makina-erremintaren sektorea atzeraldiaren «sintomaren bat» nabaritzen ari da, Etxarriren esanetan.
Gipuzkoako enpresek egindako esportazioak %10,9 hazi dira aurtengo lehen seihilekoan. Hala ere, hazkunde txikiagoa espero dute bigarrenerako. Gipuzkoako esportazioen %30 Alemaniara eta Frantziara egiten dira. Gipuzkoako Merkataritza Ganberak uste du herrialde horien motelaldiak esportazioak murriztuko dituela. Horrek, Etxarriren iritziz, gero eta premiazkoagoa egiten du beste herrialde batzuetara esportatzea, merkatu berriak bilatzea: «Orain arte Brasilera, Errusiara, Indiara eta Txinara dibertsifikatu ditugu gure esportazioak. Arabiar Emirerri Batuetara eta Marokora egindakoetan bide ona daramagu». Gipuzkoako 12 enpresa Txinara joango dira hurrengo astean, bertako enpresekin harremanak izatera eta proposamenak egitera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza ganberek, berriz, enpresarien bisita bat antolatu dute urte amaieran Tunezera eta Errumaniara.
Bertako enpresariak kanpora joateaz gain, atzerriko erosleak ere erakarriko dituzte Gipuzkoara. Gipuzkoako Merkataritza Ganberak elikadura arloko nazioarteko profesionalak, banatzaileak eta erosketa arduradunak gonbidatuko ditu azaroan, Gipuzkoako elikadura sektoreko 30 enpresaren produktuak ezagutzeko.
Errusiako altzairua
Inportazioei dagokienez, %1,02 murriztu dira aurtengo lehen sei hilabeteetan, iazkoekin alderatuta. Errusiatik egindakoak, aldiz, %90 hazi dira. Bertatik lehengaiak inportatu dituzte batez ere, altzairua nagusiki. Txinako inportazioak %2,27 igo dira aurtengo lehen seihilekoan.
Enpresen nazioartekotzeaz gain, enpresen arteko bat-egiteak eta elkarlanak dira Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren lehentasunetako bat. «Beti pentsatu dugu, bai egoera ekonomikoa ona zenean, bai orain, enpresek itun estrategikoak egin behar dituztela», esan zuen Agustin Eizagirre Gipuzkoako Merkataritza Ganberako idazkari nagusiak. «Merkatuetan eragiteko indarrik ez badaukazu oso zaila da zure posizioa babestea, eta merkatuan eragiteko pisua eduki behar da».
Inflazioa da Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren kezka iturri nagusietakoa. Uste du inguruko herrialdeak baino inflazio handiagoa edukitzeak lehiakortasuna murrizten diela bertako enpresei.
############
Sozietateen zerga murriztea enpresak laguntzeko tresna dela dio Ganberak
EAJ eta EA elkarrekin hitz egiten ari dira Gipuzkoako sozietateen zerga %32,6tik %28ra murrizteko. Gipuzkoako Merkataritza Ganbera jaitsiera horren alde dago, politika fiskala bertako enpresen lehiakortasuna babesteko eta laguntzeko tresna dela uste duelako. «Egoera ekonomikoa zailtzen eta konplexuago bihurtzen ari den honetan, abian jarri behar da tresna hori», esan zuen atzo Agustin Eizagirre Gipuzkoako Merkataritza Ganberako zuzendari nagusiak. Hala ere, sozietateen zergarena jada konponduta egon behar lukeen kontua dela uste du, «enpresek urtarrilaren 1ean jakin behar baitute beren marko fiskala».Gipuzkoako Merkataritza Ganbera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fiskalitateak parekatzearen aldekoa da. Horrez gain, Europakoarekin ere parekatzera jo behar duela uste du.
############
Egoera ez da asaldatzeko modukoa, hazten jarraitzen dugun bitartean»
jose maria etxarri
Merkataritza Ganberako lehendakaria
############