Albiste onak emanez egin du Eduardo Junkera Adegiko presidenteak bere lehen agerraldia prentsaren aurrean. Adegik Gipuzkoako enpresen artean egiten duen inkestaren azken datuak jakinarazi ditu gaur Junkerak, Jose Miguel Aierza zuzendari nagusiarekin batera, eta biek azaldu dutenez, inkestaren "emaitzak benetan onak dira".
Egia da aspaldi ikusi gabeko zifrak agertu direla emaitza horietan. Aierzak, datu guztien gainetik eskari zorroen datuak nabarmendu ditu. "Hamarretik bederatzi enpresak eskari maila normala edo handia dute eta beste hainbestek espero dute horri eustea edo handitzea", azaldu du Adegiko zuzendari nagusiak, eta gogoratu du datu hori inkestan inoiz jasotako handiena dela. "Datu hori oso garrantzitsua da, etorkizunari begira. Gaurko eskariak biharko aberastasuna eta enplegua baitira".
Horrez gain, Gipuzkoako enpresak euren ekoizpen ahalmenaren %85ean ari ziren irailean —1999. urteko urtarriletik izandako maila handiena—. "Enpresak euren ahalmenaren %80an ari direnean, ekonomia bere gaitasunera iristen ari dela esan ohi da", azpimarratu du Junkerak. Urteko hirugarren hilekoan herrialdeko enpresen fakturazioa %3,2 egin du gora, batez ere barne merkatuaren indarrari esker.
Enpleguari begira, 2018. urtea 7.000 lanpostu gehiago sortuta amaitzea espero dute Adegiko enpresek, eta Junkerak kontratazio mugagabearen hazkunde erritmoa nabarmendu dute. Ildo horretan, langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna da, oraindik ere, Gipuzkoako enpresen kezka handiena. Aierzaren arabera, "enpresen herenak adierazi du kontratazioren bat egiteari uko egin diola pertsona egokirik aurkitu ez duelako.