Patronalaz gain, enpresaburuen artean ere nabaritzen da baikortasun hori. Behintzat, hori islatu da Adegik ehun langiletik gorako enpresatan egindako inkestan. Hain zuzen, atzo ezagutarazi zituen inkesta horren emaitzak Eduardo Zubiaurre patronaleko presidenteak Donostian.
Urte amaierarako ekonomiaren egoerak «pixka bat» hobera egingo duela uste dute.Hain zuzen, %3,7tik %5,6ra igo da hobera egingo duela uste duen enpresen kopurua, eta %9,3tik %14,8ra mantendu egingo dela uste dutenena. Enpresa gehienek egoera okertuko dela uste badute ere, kopurua zertxobait jaitsi da: %87tik %77,8ra. Enpleguaren alorrean ere zantzu positiborik ikusi du Zubiaurrek, «lanpostuak murrizteko beharra»ez baita okertuko.
Aurreikuspenak zertxobait baikorragoak diren arren, enpresak «80ko hamarkadaz geroztik izandako egoerarik okerrenean» daudela iritzi dio. Eta horren adibide dira urteko lehen hiruhileko datuak: ekoizpen ahalmenaren erabilera %67raino jaitsi da, 1990etik maila baxuenera; fakturazioa %17,9 jaitsi da aurreko hiruhilekotik eta enpresen %80entzat eskaeraren maila oso baxua da.
Proposamenak
Gauzak horrela, Gipuzkoako enpresen helburua krisiari aurre egitea izan behar dela azaldu du Zubiarrek: «Krisiari aurre egitea krisia garaitzea da». Helmugara ailegatzeko, baina, tartean bidea egin behar da, eta epe laburrerako hainbat helburu markatu ditu: eragile ekonomiko eta sozialetan konfiantza sortzea, finantzaketa murrizketak leuntzea eta enpleguan krisiak duen talka txikitzea.
Horretarako, lidergo politiko indartsu baten beharra ikusi du Zubiaurrek: eragile ekonomiko eta sozial guztiak bilduko dituenaeta elkarrizketa mahaia sortuko duena. Atzo, hain zuzen, sindikatuekin egiten ari den bilera errondan Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiarekin elkartu zen Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria. Sordok politika publikoak «baldintzatzeko» nahia helarazi zion Lopezi.
Lidergo horrek ere etorkizuna eraikitzeko neurri estrukturalak hartu beharko dituela azaldu du Zubiaurrek. Besteak beste, lan merkatuaren aldaketa proposatu du, malguagoa izango den eredu bat lortzeko, «ezagutzen dugunak ez baitu funtzionatzen».