Gipuzkoako enpresen fakturazioa %20 jaitsi da joan den urtetik

Egoera ekonomikoa hobetzen ari den arren, enpresaburuak oraindik «oso kezkatuta» daudela esan du Adegik

Miren Garate.
Donostia
2009ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Ekonomiaren egoera nola ikusten duten galdetu die Adegik Gipuzkoako hamar langiletik gora dituzten enpresaburuei. Jasotako erantzunetatik atera daitekeen ondorioa: apirilean baino baikorrago daude, baina oraindik ere «oso kezkatuta». Bi datu nabarmendu ditu patronalak. Alde batetik, aurtengo bigarren hiruhilekoan, iaz baino %20 fakturazio txikiagoa izan dutela. Hain zuzen, 2006ko mailan ibili dira. Arrangura sortzen dien beste datu bat da produkzio gaitasunaren erabilpen urria. Izan ere, berez ekoitz dezaketenaren %67an dago herrialdeko enpresen jarduera maila. 1990ean egoera ekonomikoari buruzko txostena egiten hasi zirenetik, inoiz ez zen hain behean egon. «OCDEko oso herri gutxitan da hain txikia tasa», esan du Adegik.

Egoeraren larritasuna islatzeko beste hainbat datu ere eman ditu Eduardo Zubiaurre patronaleko presidenteak. Inkestan parte hartu duten enpresen %87k eskaera maila txikia edo oso txikia dutela esan dute. %73,5ek atzeraldian daudela diote, %22,6k euren egoera normala dela, eta soilik %4k merkatua suspertzen ari dela. Horrez gain, lehiakortasuna galdu dutela uste dute enpresa gehienek,bai ekoizpen maila txikiagatik eta bai lan kostuak herrialde lehiakideetan baino garestiagoak direlako.

Apirilean baino baikorrago

Dena den, egoera ekonomikoa «egonkortzen» ari dela azaldu du Zubiaurrek. Finantzabidea bilatzeko zailtasunak maiz aipatu dituzte enpresaburuek krisia hasi zenetik.«Oraindik ere jarduera batzuetan badaude arazoak, baina enpresentzako finantziaketa normaltasunera itzultzen ari da pixkanaka». Hain zuzen, finantziatzeek %5,7ko jaitsiera izan dute patronalak emandako datuaren arabera;apirilean %17ko beherakada kalkulatzen zuten, eta joan den abenduan %14koa.

Langilekopurua «murrizteko beharra» ere asko jaitsi dela esan du patronaleko buruak. Gipuzkoako egoera ekonomikoaren txostenean ageri denez, enpresen %71k enpleguari eusteko asmoa dute, eta %23k murriztekoa. Apirilean egindako inkestan, enpresen erdiek esan zuten jendea bidaliko zutela. Urtea amaitu bitartean, ordea, langabeziak gora egingo duela uste dute, %0,5 eta %1 artean. «Orain 12.000 langabe gehiago ditugu. Baina krisia hasi aurretik, langabezian zeudenen artean ez zegoen behar adina langile prestatu».

Europako hainbat herrialde hasi dira hazten dagoeneko. Adegiren arabera, Gipuzkoako enpresaburuen erronka horiei «katigatzea» izan behar da, erlazio handia dutela hemengo eta Europako ekonomiak.

Hala eta guztiz ere, etorkizun hurbila «konplikatua» izango dela azaldu du.«Ziurrenik barne produktu gordinak negatibo izateari utziko dio bigarren seihilekoan, baina hori ez da aski izango inbertsioak eta enplegua sustatzeko».

Gorabidean diren herrialdeetan egongo da gakoa enpresaburuen elkartearen iritziz. Gipuzkoako enpresek euren produktuen %30 Gipuzkoara bertara saltzen dute, beste %30 Espainiara, eta gainerako esportazioak batez ere Europara egiten dira. «BRIC herrialdeetakoak -Brasil, Errusia, India eta Txina- gure bezeroen %6,26 bakarrik dira. Mundua errekuperatzen ari da, baina gure errealitatetik urrun. Lehiakorrak izan behar dugu, eta guregandik oso urrun dauden lekuetara joan. Horiek ari dira ekonomiari tira egiten».

Malgutasun«handiagoa»

Soldatei buruz galdetuta, enpresetan oraindik ez direla hasi lan hitzarmenak negoziatzen esan du Jose Miguel Aiertza patronaleko idazkari nagusiak. Halere, soldatak izoztea «arrazoizkoa» iruditzen zaio. «Gure erronka nagusialehiakortasuna da. Alde horretatik, denok jarri beharko dugu gure aldetik, eta soldatek ere beren erantzukizuna edukiko dute lehiakortasunaren apustuan».

Etorkizunari begira, malgutasun handiagoa ere eskatu dute enpresaburuek. Horretaz gain, ezinbestekotzat jo dute hobekuntzak egitea maila teknologikoan, berrikuntzan eta ekoizpenean.



Soldata izoztea ez dela «zentzu hertsian» jarraituko dio Olanok

Aurrena funtzionarioen soldata izoztearen alde zegoela esan zuen Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Industria kontseilariak, herenegun. Egun berean, Eusko Jaurlaritzak %0,3ko igoera proposatu zuen negoziazio mahaian. Atzo, igoera egonda ere, «izoztetik ahalik eta gertuen» egotearen aldekoa dela esan zuen.Markel Olano diputatu nagusiak esan du, Gipuzkoan, izoztea ez dela «zentzu hertsian» jarraituko, aurrekontuetan %0,3ko igoera aurreikusi delako administrazioko langileentzat.

Euskadiko CCOOren arabera, berriz, hazkunde hori ez da aski. Horrez gain, gaitzetsi du Eusko Jaurlaritzak ez duela inolako proposamenik egin funtzionarioen lan baldintzei dagokienez. Besteak beste, haiek kontu pertsonalengatik sei egun hartzeko eskubidea izatea nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.