Arrantza

Gipuzkoako eta Bizkaiko 45 ontzi gaur irten dira antxoatara

Egunean antxoa gutxiago arrantzatuko dute, prezioa igotzeko.

Arrantzontzi bat Bermeoko portuan, gaur goizean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 20a
11:18
Entzun

Hilabetez geldi egon ondoren, itsasora atera dira gaur Gipuzkoako 36 itsasontzi eta Bizkaiko bederatzi. Martxoan hasi zuten kostera, baina, harrapaketa txiki batzuen ondoren, lehorrean geratzea erabaki zuten, konfinamendua dela eta. Berez, funtsezko sektore gisa, bazuten arrantza egiteko eskubidea, baina beren produktua merkaturatzeko zailtasunek eta langileen segurtasuna bermatzeko ezintasunak eragin zuen portuan geratzea.

Gipuzkoako Kofradien Federazioak azaldu duenez, berdelaren kuotaren %5-6 ere geratzen zaie arrantzatzeko. Arrantzaleak kexatu egin dira arrain horren truke ordain txikia jaso zutelako, eta, horregatik, erabaki dute antxoaren harrapaketak mailakatzea. Ontzi bakoitzean eguneko 10.000 tona antxoa arrantzatzeko baimena izan arren, 6.000 tona arrantzatuko dituzte gehienez. Eskaintza txikituta prezio handiagoak lortzea da helburua.

Merkaturatzeko arazoak izan daitezkeela onartu dute Gipuzkoako kofradiek. Jatetxeak eta tabernak itxita daude, eta ez dakite zein izango den kontserba enpresen jarduera.

Arrantzaleek elkarri koronabirusa ez kutsatzeko segurtasun neurriak ezarri dituzte ontzietan. Patroiek tenperatura hartuko diete arrantzaleei, eta langileek maskarak eta eskularruak jantzi beharko dituzte. Gainera, ziurtatu dute neurriak hartu dituztela deskargetan ontzi pilaketak ez gertatzeko.

Protokolo horrek gabeziak dituela ziurtatu du LAB sindikatuak. Funtsezko iruditzen zaio arrantzaleei testak egitea eta lan egunak mugatzea, asteleheneko 10:00etatik osteguneko 12:00etara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.