Azpiegiturak

Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin du Beasain-Bergara arteko autobian bidesaria ezartzea

Hiru arkuren bidez egingo da ordainketa, geratu gabe, eta espero dute sistema martxan egotea 2020. urtea amaitzerako. Deskonturik gabe, 2,53 euro kostako da errepideak dituen 23 kilometroak gurutzatzea.

Ordainketa hiru arkuren bidez egingo da Beasain-Bergara tartean. Irudian, Andoaingoa (Gipuzkoa). JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 14a
13:09
Entzun

«Erabiltzen eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar du; logika hori da aplikatu dugu». Hala azaldu du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako foru diputatuak Beasain eta Bergara arteko A-636 errepidean bidesaria jartzeko erabakia: «Zerga orokorren bidez, ez gara iristen errepideek eskatzen dituzten artapen eta hobekuntzak egitera; beharrezkoak dira baliabide gehiago».

Autobia osoa izango da ordainpekoa, eta hiru arkuren bidez egingo dira ordainketak, Gipuzkoan lehen aldiz ezarriko den free flow sistemaren bidez. Erabiltzaileek ez dute geratu beharko, eta sistema elektroniko horrek identifikatuko du ibilgailua Abiatu eta ViaT txartelen bidez edo matrikularen bidez. Ibilgailu guztiek ordaindu beharko dute bidesaria, arinek eta astunek. Horretarako, arku berriak jarriko dituzte Beasainen eta Ezkio-Itsason; Deskarga mendatean jada jarrita dagoenari gehituko zaizkio.

Beasain-Bergara errepidea berria da —2019ko martxoan zabaldu zuten—, 23 kilometro luze da, eta, oraingoz, doakoa da. Dena den, Foru Aldundiak hasieratik erakutsi du autobia hori ordainpeko bihurtzeko asmoa, eta joan den urteko azaroan hartu zuen gaur Gobernu Kontseiluak berretsi duen erabakia.

Orain, Batzar Nagusietan eztabaidatu beharko dute foru arau proiektua; Oiarbidek azaldu du duela hilabete inguru bildu zela gainontzeko talde politikoekin, eta oraingoz ez duela haien ekarpenik jaso. Lege proiektuak ordainketa ezartzeko epea 2022ko ekainera artekoa dela badio ere, espero dute sistema abian egotea 2020. urtea amaitzerako.

2,53 euro

Bidesariaren kostuaren inguruan ere jardun du Oiarbidek. Deskonturik gabe, Beasaindik Bergarara joateak (edo alderantziz) 2,53 euro balioko du ibilgailu arinentzat. Dena den, bide azpiegituretako diputatuak azaldu du Abiatu sistemaren bidez deskontuak izango dituztela gipuzkoarrek, beste errepideetan dituzten berberak: egindako bidaia kopuruaren arabera, %25 eta %75 artekoak dira deskontuak, eta hilabeteko gehieneko gastua 32,34 euro da.

Jarduera profesionalean dabiltzanek eta garraiolariek ez dute deskonturik izango, eta trailer bakoitzak 5,15 euro ordaindu beharko du ibilbide hori egiten duen bakoitzean. Bidesari hori garraiolariei azken urteetan N-I eta A-15 errepideetan jarritakoei gehituko zaie.

Garraiolarien Hiru sindikatuak adierazi duenez, «bidesariak azpiegituren mantentze lanak kudeatzen jakin ez duten politikarien porrota dira», eta herritarrek bigarren aldiz ordaindu beharko dute Beasain-Bergara errepidea. Hiruk neurriak eskatu ditu sektorea duen egoera eskasetik ateratzeko, eta «egoera delikatu honetan aldundiak dirua biltzeko duen grina» kritikatu du: «Garraioak behar duena ez dira bidesariak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.