Berdintasunaren alde errenta aitorpen bateratuak ezabatzeko Gipuzkoako Diputazioak "gogoeta sakona" egin nahi duela ezagutu ondoren, Arabako Diputazioa aurkako bidean doala jakinarazi du Javier de Andres ahaldun nagusiak. "Seme-alabak dituzten familiak laguntzearen aldekoak gara, eta ez alderantziz", erantzun du kazetariek Gipuzkoan aztertzen ari direnaz galdetu diotenean. Aitorpen bateratua ahalbidetzea "familiari laguntzea" dela uste du De Andresek, eta ez emakumea lan merkatura sartzeko oztopatzea, Gipuzkoan planteatzen ari diren moduan. Hala, adingabeko seme-alaba bakoitzeko kenkaria 200 euro igotzea aztertzen ari da Arabako Ogasuna.
Indarrean dagoen aitorpen bateratuaren aukerak "emakumeak lan merkatura sartzea oztopatzen du", Gipuzkoako Diputazioaren ustez, "ohituraz emakumeen gain geratzen diren etxeko lanen eta zaintzaren paperak indartzen dituelako". Horregatik, errenta aitorpen bateratua ezabatzearen aldekoa litzateke Gipuzkoa. Diputazioa aitorpen mota hori baztertzeko beste arrazoiak dituela uste du, ordea, Batzar Nagusietako PPko bozeramaile Juan Carlos Canok: "Berdintasunaren aterkiaren azpian 300 milioi euroko murrizketa ezkutatzen ari dira, gipuzkoarren eskuetatik kendutako dirua".
Gipuzkoako Batzar Nagusietako beste bi taldeak ere azaldu dira aitorpen bateratua kentzearen aurka. "Oso kezkatuta gaude azken egunotan Aldundiak errenta zergari buruz egin dituen alde bakarreko proposamenekin. Milaka zergapekori eragiten diete, eta Gipuzkoako familien zati handi baten egonkortasun ekonomikoari eragin diezaiokete", ", esan du EAJko batzarkideen taldeak. Aitorpen bateratua ezabatzea "aukeratzeko askatasuna bortxatuko" luke, eta "ez da sinesgarria" neurri hori hartzeko generoen arteko berdintasuna aldarrikatzea.
Hausnarketa fasean
Diputazioaren asmoa Ogasunaren bilketa handitzea dela esatea "arinkeria" da Larraitz Ugarte Diputazioko bozeramailearen arabera. "Hausnarketa fasean" legoke oraindik aitorpen bateratua ezabatzeko aukera, baina, edozein kasutan ere, "erabat" baztertu du zerga aurrezpenarekin lotua dagoenik. Diputazioak berdintasuna "bermatu" behar duela esan du, eta ez bazterketa, "edozein dela ere bazterketa hori ekiditeak dakarren eragin ekonomikoa".
81.822 aitorpen bateratu egin ziren Gipuzkoan 2011n; emakumeek egindako aitorpenetatik, ordea, soilik %8 izan ziren bateratuak.