Lan gatazkak

Gipuzkoako kale garbiketaren lan hitzarmena sinatu dute

KPItik gorako soldata igoerak eta txanda kontratuak adostu dituzte, besteak beste. Sektore bereko beste itun batzuk berritzeko bidea zabal dezake.

Zabor edukiontziak, Gipuzkoako herri batean. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 7a
16:02
Entzun

Gipuzkoako kale garbiketako eta zabor bilketako zerbitzuen lan hitzarmena berritu dute sektoreko patronalak eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuek. Lurraldeko 2.000 langile ingururi eragingo die akordioak. Horrez gain, garbiketaren sektorean Gipuzkoan negoziatzen ari diren beste hitzarmen batzuentzako bidea zabal dezake.

Gipuzkoako eraikin publikoetako eta lokaletako beharginena dago mahai gainean, eta mobilizazio kanpaina betean daude sindikatuak. Langile gehiago daude sektore horretan, 6.000 inguru, eta %80 emakumeak dira. Kaleko garbitzaileen aldean %28 gutxiago kobratzen dutela salatu dute, besteak beste.

Kaleko garbitzaileen itunak hiru urteko indarraldia izango du. ELA sindikatuak —gehiengoa du sindikatuen artean (%65)— eman du lorpen nagusien berri: KPItik gorako soldata igoera: %0,25ekoa 2020an, %0,35ekoa 2021ean eta %0,4koa 2022an; enpresa berean 21 urtetik gorako antzinatasuna duten langileak, erretiroa hartzean, nahitaez ordezkatzea txanda kontratuen bidez; eta langileek, halaber, aukera izatea edoskitze baimenak metatzeko eta, lantegietako beharginen kasuan, baita prestasun plusak ere. Batzorde bat sortuko dute, halaber, asteko bi atseden egun nahitaez ezartzeko aukera eta lanaldi partzialeko langileei lanaldia luzatzekoa adosteko.

LAB: «Gehiago lor zitekeen»

Negoziazio mahaian ordezkaritza zuten sindikatuen artean UGTk soilik ez du babestu. LABek «erantzukizunagatik» sinatu du. Ohar batean gogoratu du asteartean gainerako sindikatuei proposatu ziela patronalaren proposamenen aurka planto egitea eta mobilizazioetan batuta jarraitzea. ELAri «patronalaren ultimatuma onartzea» leporatu dio, eta gogoratu dio «borrokarekin» jarraituta «gehiago lor zitekeela». Dena den, azpimarratu du oraingo akordioak sektoreko langileak «posizio hobean» uzten dituela «hurrengoak negoziatzeko».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.