Lan harremanak

Gipuzkoako metalgintzako mahaia eratu dute Adegik eta sindikatuek

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak patronalarekin elkartu dira gaur, Lan Harremanen Kontseiluan, Doonostian, eta hilaren 17rako beste hitzordu bat jarri dute, negoziatzen hasteko

LAB sindikatuetako ordezkariak LHKtik ateratzen. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2020ko otsailaren 18a
14:33
Entzun

Adegik metalgintzako ituna berritzeko negoziazioa hasi nahi duela esan dute sindikatuetako ordezkariek. Hortaz, 40.000 langileri eragiten dien hitzarmen sektorialak aukera bat izango du berritzeko. 2011tik dago iraungita, eta, herrialdeko itun handiena izaki, giltzarri da negoziazio sektorialeko beste sektore handietan urratsak egin daitezen.

Adegik eta lau sindikatu nagusiek eratu dute mahaia. AEGA patronal txikia ere azaldu da, baina bere ordezkaritza Adegiren esku utziko duela esateko. Garen patronala ez da azaldu, eta, beraz, ez du ordezkaritzarik erreklamatu. Hala, Adegik negoziazio mahaia martxan jartzeko oniritzia eman du.

Plataforma bateratuaren aukera

Sindikatuak pozik azaldu dira, 2011tik lan baldintzak gaurkoturik ez ditizten milaka langilek aukera bat izan dezaketelako metalgintzako ituna berritzen bada. Gaur-gaurkoz, ordez, mahai batean esertzeko borondatea baizik ez dago. Hilabete barru egingo duten bileran ikusiko da sindikatuak plataforma bateratua egiteko prest dauden, aurreko urtean Bizkaiko metalgintzako mahaian egin zuten antzera. Asteotan, negoziazio paralelo bat izango dute sindikatuek, aldarrikapen taula bat adostu ote daitekeen jakiteko.

ELAk deitu du metalgintzaren mahaia eratzera; sindikatu horrek dauka ordezkaritzaren gehiengoa (%48). LABek ordezkaritzaren %30etik gora dauka; CCOOk, ordezkaritzaren %16,34; eta UGTk, %5,84.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.