FISKALITATEA. SOZIETATEEN ZERGA

Gipuzkoako sozietateen zerga oraingoz bertan behera utzi dute

EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du %32,5eko tasaren aurka Errioxako Gobernuak egindako eskarietako bat

Irune Lasa.
DONOSTIA
2005eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Berriz ere hutsune juridiko bat sortu da Gipuzkoako enpresentzat. Gipuzkoan elkarteen gaineko zergaren tasa %32,5ean ezartzen zuen arauaren artikulua, behin-behinean, bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, Errioxako Gobernuak zergaren aurka jarritako helegiteari buruz epaia eman artean.

Gipuzkoak maiatzaren 24an onartu zuen arau hori, Espainiako Auzitegi Gorenak tasa Espainiako erregimenean %35ekoa dela argudiatuta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 1996ko arauak indargabetu ondoren. Errioxako Gobernuak berehala iragarri zituen arau berri horien aurkako helegiteak, eta, horietan, arauetako hainbat artikulu oraingoz bertan behera uzteko eskatu zuen. Bizkaiaren kasuan, berriz idatzitako arau horien behin-behineko etendura eskaerari ezetz esan zion EAEko Auzitegi Nagusiak. Besteak beste, Gorenaren epaia Aldizkari Ofizialean plazaratu gabe arau berriak onartu izana leporatzen zion Errioxako Gobernuak Bizkaiko Aldundiari. Gipuzkoaren kasuan, ordea, Auzitegi Nagusiak uste du %32,5eko tasa ezartzen duen artikulu berriak (29.1.a. artikuluak) Gorenak indargabe utzi zuen 1996koaren eduki berdin- berdina duela; eta uste du auziari buruz epaia eman artean hura errekurritu duenak kaltea nozitu dezakeela artikuluan indarrean badago.

«Lehen eta bigarren mailako erkidegoak izatearen aurka»

EAEko Auzitegi Nagusiak irailaren 27an ebatzitako autoaren albistea Logroñon jakinarazi zuen Errioxako Gobernuak. Hango Administrazio Publikoetako kontseilari Alberto Bretonek eta eta Gobernuko Zerbitzu Juridikoetako zuzendari Juan Manuel Criadok prentsaurrekoa eman zuten eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako aldundiek «legeari iseka egin nahi» izan diotela salatu zuten.

Errioxako Gobernuak «ez du onartzen» erkidegoen artean «desberdintasunik» ezartzen duen ezer; ez dute onartzen«lehen mailako eta bigarren mailako erkidegorik izatea, horiek lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak izatea nahi dutelako». Alberto Bretonentzat, Kataluniako estatutu «insolidarioa» tramitean dagoen momentu honetan inoiz baino garrantzi handiagoa dauka «desberdintasun» horien aurka egiteak.

Gipuzkoako Aldundiak adierazi du EAEko Auzitegi Nagusiaren autoa jaso duela eta erakundeko zerbitzu juridikoak hura aztertzen ari direla. Dena den, nahiko argi gelditzen da hutsune juridiko bat egon badagoela orain Gipuzkoako enpresaburuentzat, urte fiskal honetarako sozietate zergagatik zenbat ordaindu behar duten ezartzen zuen arauak ez duelako balio dagoeneko. Bitartean, eztabaidagarria izan daiteke EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Batzar Nagusien arau fiskalak ezartzeko eskumenak indargabetzeko gaitasunik duen. Adibidez, Nafarroako hainbat arau fiskal epaitegietatik libratu izan dira, arau izan beharrean lege direlako. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzarrek onartutako arauek, ordea, ez dute horrelako edo antzeko babesik.

Sozietate zerga 2007an jaisteko asmoa du Espainiako Gobernuak





Herrialde askotan behera egin du azkenaldian, inbertsioak erakartzeko

I.ARANBURU - DONOSTIA

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sozietateen gaineko zerga Espainiakoa baino txikiagoa ez izateko tematuta dago Errioxako Gobernua, baina litekeena da urtebete barru kontrakoa gertatzea. Espainiako Gobernuak enpresen irabazien gaineko zerga jaitsi egingo du, 2007. urtarriletatik aurrera ziur aski. Aldundiek datorren urtean onartuko dute araudi berria, baina ez dute iragarri zein tasa jarriko duten.

Azken urteotan sozietate zerga jaitsi dute herrialde askok, bi helbururekin: batetik, bertako enpresak atzerrira ez joateko irabazi handiagoen bila; bestetik, atzerriko konpainien inbertsioak erakartzeko. Ereduarenarrakastaren ikur gisa Irlanda dago%12,5ko zerga du, Europako Batasunean azken hamarkada eta erdian gehien hazi den herrialdea. Estrategia bera darabilte EBn sartu berri diren Europa ekialdeko eta erdialdeko herrialde berriek, guztiek %20 ingurukoa baitute. Gainera, horietako batzuek Estoniak kasu flat tax edo tipo bakarreko errenta zerga ezarri dute. Espainiako Gobernua ez da hain urrun joango, baina errenta zerga jaisteko proposamena egiteko asmoa du urte amaitu aurretik, eta zertxobait geroago aurkeztekoa du sozietate zerga berritua. Baliteke %35etik %30era jaistea enpresa handientzat urtean sei milioi eurotik gora fakturatzen dutenentzat, eta %30etik %25era txiki eta ertainentzat. Enpresen %90 azken talde horretakoak diren arren, sozietate zergaren %90 handiek pagatzen dute. Trukean, Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak aurreratu du sozietate zergaren dedukzioak gutxituko dituela; urtero 4,200 milioi euro itzultzen ditu Ogasunak, eta sozietate zerga erreala %28ra jaisten du.Estatuak dirua gal ez dezan, eta Bruselaren eskaerak betetzeko, Madrilek zerga ekologikoak ezarriko ditu, hots, ingurumena bereziki kutsatzen dituzten jarduerak zergapetuko ditu. Tabakoaren eta alkoholaren zergak ere igoko ditu, EBko beste herrialdetakoetara hurbiltzeko. Frantziako Gobernuak ere 2006ko errentaren gaineko zerga jaitsiko du, eta haren eragina 2007ko aitorpenean ikusiko dute Ipar Euskal Herriko biztanleek. Orain arteko zortzi tasak seitan utziko ditu Bercyk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.