Gipuzkoako udalek lau zatitan bueltatuko diote dirua diputazioari

Zenbait alkatek 49,7 milioi euroak lau zati berdinetan ordaintzeko egindako proposamena onartu egin du foru aldundiakOraingoz, 11 udalek esan dute maileguak eskatuko dituztela, eta 72k ezetz

2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin du Donostiako, Errenteriako, Hondarribiko eta Irungo alkateek duela egun batzuk egindako proposamena. Horrenbestez, Gipuzkoako udalek aurten itzuli beharko dituzte Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren likidazioari dagozkion 49,7 milioi euroak, baina ordainketa lau zati berdinetan egiteko aukera izango dute. Hala adostu zuten atzo egindako bileran.

Gainera, Ogasun Departamentuaren harridurarako, udalik gehienek krediturik eskatu gabe itzuliko dute dagokiena. Elena Franco Ogasun diputatuaren esanetan, diputazioari beren finantza egoeraren inguruko datuak helarazi dizkioten 83 udaletatik 72k baztertu egin dute mailegua eskatzeko aukera; beraz, soilik 11k dute nahiago aukera hori. Oraindik bost udalen erantzuna jasotzea falta zaio diputazioari.

Horrek esan nahi du, udalek foru aldundiari zor diotenaren %10 besterik ez dutela ordainduko kreditu bidez. Zorraren %90, ostera, berriz zorpetu beharrik gabe ordainduko dute.

Jarrera «malgua»

Hasiera batean diputazioak beste proposamen bat egin zien udalei. Diru guztia aurten itzultzeko eskatu zien, lau zatitan, baina otsailean erdia eta gainerako erdia beste hiru partetan. Jakina denez, ordea, Gipuzkoako udalak ez daude unerik oparoenean, eta haietako askok ezinezkotzat jo zuten otsailean bueltatzea diruaren erdia. Horregatik, hainbat alkatek beste proposamen bat lantzea erabaki zuten. Hain zuzen, Juan Karlos Izagirre Donostiakoak (Bildu), Jose Antonio Santano Irungoak (PSE-EE), Aitor Kerejeta Hondarribikoak (EAJ) eta Julen Mendoza Errenteriakoak (Bildu) egin zuten atzo adostutako proposamena, hau da, diputazioari ordainketa lau zati berdinetan egiteko aukera eskatu zioten.

Azkenean, lau alkate horiek landutako proposamenak egin du aurrera. Baina ez pentsa alkate guztiak ados zeudenik, batzuek nahiago baitzuten aldundiak hasieran egindako eskaintza. Diputazioak, baina, atzoko bileran alkateei eurei eman zien mahai gainean zeuden bi proposamenen artean egokiena iruditzen zitzaiena hautatzeko aukera. Eta gehienek lau alkateek egindakoa babestu zuten.

Horrenbestez, hil honetan bertan zor diotenaren laurdena itzuli beharko diote aldundiari: 12,43 milioi euro, hain justu.

Alkateek egindako proposamena onartuta, «malgutasunez» jokatu du diputazioak, berez, bigarren aukera horrek kostu handiagoa duelako beretzat. Francok adierazi zuenez, aldundiak kontuan izan du alkate gehienek erakutsi duten erantzukizuna, dagokien zatia mailegurik eskatu gabe ordaintzeko prest azaldu direlako, eta modu berean erantzun nahi izan die.

Francoren arabera, udalekin biltzea «interesgarria» izan liteke etorkizunera begira ere. Horregatik, diputazioaren eta udalen arteko harremanak errazteko eta arintzeko elkarrizketa mahai «adierazgarri eta eraginkor» bat sortzeko aukera planteatu zuen.

EAJren kritikak

EAJk, ordea, ez du uste Gipuzkoako Foru Aldundiak horren malgu jokatu duenik udalekin. Markel Olano alderdiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen eledunak «sentiberatasunik eta elkarrizketarako gaitasunik» ez izatea egotzi dio diputazioari, eta gaineratu du udalei agindu besterik ez diela egin. Itzulketak nola egin negoziazioaren bidez erabaki beharko liratekeela iritzi dio Olanok, eta diputazioak ez duela horretarako prestasunik erakutsi. Udalei zorra hurrengo lau urteetan pagatzeko aukera ematea nahi zuen EAJk, «Gipuzkoako udalak muturreko egoeran daudelako eta sistema horrek lasaitasuna emango liekeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.